Bide malkartsuetarako babesgune bat Bidebietan
Duela 35 urtetik, Adsis fundazioak zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak gizarteratzen egiten du lan Gipuzkoan. Ingurune pertsonal eta familiarragatik ohiko hezkuntza sistemara egokitzen ez diren gazteei bigarren aukerak ematen dizkiete Bidebietan, baita etorri berri diren migratzaileei ere. Praktikotasunetik abiatuta, ustez etorkizunik ez dutenen geroa eraikitzen dute.
Goizeko hamarrak dira eta sumatzen da gazteen joan-etorria Bidebietako Kontadores eraikinean. «Bost minutuko atsedenaldia dugu orain», diote Adsis fundazioaren harreran agurtu gaituzten dozena erdi ikaslek. Sukaldari kapelak kendu dituzte, mugikorretako azken mezuak kontsultatu eta bezperan gertatutako kontuak partekatzeko. Hain zuzen, hiri erdiak sukaldari kapela jantzi baino egun bat lehenago omenduko dute haien zentroa. Bertan ikasten dabiltzan gazteek, baina, ondo baino hobeto dakite hori, hedabideen joan-etorriak eta deiak etengabeak baitira azken egunotan.
Zentroaren harreran agurtu gaitu Isabel Vaquerok, Adisis fundazioko zuzendariak. Azaldu duenez, Adsis irabazi asmorik gabeko fundazio bat da eta egoera zaurgarrian dauden gazteei bizitza proiektu bat eraikitzeko helburuarekin egiten dute lan: «Beste eskoletan ez bezala, hezkuntza ez dugu helburu nagusi. Guk hezkuntza gazte hauek gizarteratzeko akuilu gisa erabiltzen dugu, eta praktikotasunera jotzen dugu, ohiko moldeetatik at, beraien egoerara egokitutako formakuntzarekin».
Gizarteratzeko tresna
Kontadoresera hezkuntza sistema tradizionalarekin hausten duten gazteak iristen dira: «DBH bukatzen ez duten 12 eta 30 urte bitartekoak dira gehienak, batik bat, egoera zaurgarrian eta baliabiderik ez dutenak», zehaztu du Vaquerok. Hala, fundazioak Oinarrizko Lanbide Heziketaren hiru espezialitate ditu aukera nagusi : Elektrizitatea, Elektronika eta Soldadura-Galdaragintza, eta Sukaldaritza eta Jatetxe arloko ikasketak. «Oinarritik hasten gara, ondoren aurrera egiteko aukeraren bat izan dezaten», zehaztu du Vaquerok.
Era berean, formakuntza osagarria eskaintzen dute, jatorrizko ikastetxeetan izena emanda dauden ikasleentzako: «Institutuan daude matrikulatuta, baina haiekin zer egin ez dakitenez hona bidaltzen dituzte, eta bestelako metodologiarekin saiatzen gara». 120 ikasle dituzte bi proiektu horien artean, baina kezkatuta hitz egiten du Vaquerok, azken urteotako kopuruak goranzko igoera nabarmena izan duela baieztatuta: «Gero eta gehiago dira ikastetxeetatik hona bidaltzen dituztenak, zailtasunaren etiketa jartzen baitzaie segituan». Atzerritik etorri berri direnen kasuan, hizkuntza erabili ohi dute zailtasunaren sinonimo gisa, bertan jaiotakoen kasuan, ordea, mutirikeria. «Ulertu behar dugu ez dagoela zaila den ikaslerik, ingurugiro eta egoera zailak dituzten gazteak ditugula baizik», argitu du zuzendariak.
Behar adina aukera
Orotara, 3.500 lagun igaro dira Adsisen zerbitzuetatik eta guztiei saiakera amaigabeak eskaintzen zaizkiela ziurtatu du zuzendariak: «Herenak lana lortzen du, eta beste herenak ikasketekin jarraitzen du. Nolanahi ere, bigarren aukera horrekin ez bada posible, hirugarren eta laugarrenak izango dituztela ziurtatzen diegu». Azaldu du, halaber, bertatik igarotako ikasle ohi batzuekin zikloa ixtea lortzen dutela: «Iraganean gurean egondako mutil batek deitu gintuen duela gutxi, bere enpresan praktikak egiteko aukera eskaintzeko».
Kontadoresen gora eta behera gabiltzala, ikasgela batzuetatik igaro gara. Agurtu gaituzte askok, eta ikusminez begiratu beste batzuek, irakasleek nondik gatozen argitu duten arte: «Kazetariak dira, erreportaje bat egiten dabiltza». Aurkezpen hori nahikoa izan da, distantziak apurtu eta ikasleengana hurbiltzeko. Ahmed izen berdina duen lagunaren aldamenean dago eserita. Lotsa tarteko, 25 urteko gazteak hitz gutxitan kontatu digu metala lantzen dabilela, Marokon zuzenbide ikasketak egiten zebilen arren. Ainararekin ere gurutzatu gara, eta bere tutorearen jarraikitasuna nabarmendu du bere ikasketa prozesuaz aritzean: «Iaz ez nintzen apenas etortzen eta beti deitzen ninduen, ondo ote nengoen jakiteko». Gazte eta helduen arteko harremanak dira, hain zuzen, fundazioaren lanketa nagusienetako bat: «Helduekiko konfiantza faltarekin iristen dira, eta bidea topatu behar izaten dugu haiengana gerturatzeko».
Korridorean aurrera, lehen solairuko azken ikasgelan topatu dugu Amaia, hezkuntza sisteman sartu ezin daitezkeen dozena ikasleri gaztelera irakasten: «Etorri berri diren migratzaile gazteak dira gehienak, kale egoeran daudenak». Astean sei orduz jasotzen dituzte eskolak, baina eskaintzen dieten zerbitzuaren zati bat baino ez dela azaldu digu irakasleak: «Gosaria eta dutxak eskaintzen zaizkie, eta agiriak lortzeko beharrezkoa duten prozesu guztietan dute gure laguntza». Hala, gizarte zerbitzuetako hainbat elkarterekin elkarlanean, «pasaportea eta errolda lortzeko» beharrezko pausoak ematen dituzte, ondoren, lanbide heziketara edo Lanbidera bideratzeko.
Ikasgeletatik kanpo
Kontadores eraikineko lanaz harago, eraikinetik at ere jarduten du fundazioak. Besteak beste, gazteen artean sentsibilizazioa bultzatzea dute helburu, eta horretarako Donostiako hainbat ikastetxetan boluntariotza proiektuak bultzatzen dituzte. Maitane Zaldibar Balio Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, tailerrak izaten dira horretarako tresna Usandizagan, Zurriolan eta Zuhaiztin, besteak beste: «Eskolan landutakoa gelatik kanpo aplikatzen saiatzen gara ondoren. Ez dute guztiek egiten, baina 25 ikasletik bostek proiekturen bat sortzeko asmoa badute, lortu dugu gure helburua».
Ikastetxeetan egindako sentsibilizazio lanaz gain, Bidebieta auzoarekin duten harremana landu dute azken urteotan. Zaldibarrek azaldu duenez, bizilagunek gazteekiko dituzten aurreiritzi eta estigmekin apurtzeko baliatu dituzte azken ikasturteko proiektuak: «Dena zikindu eta ezer ez egiten duten irudi horri buelta eman nahi genion, guztion antzera, beraien ezinegonak eta ilusioak dituzten pertsonak direla azaltzeko».
Hala, Guardaplatako Jubilatuen Elkartearekin ibili dira elkarlanean beraien lorategia atontzeko: «Bankuak margotu zituzten duela hilabete batzuk, eta asteazkenero izaten dira bertan, gazte eta jubilatuen harremana sendotzeko». Teknikariak azaldu duenez, emaitza ezin hobeak lortu dituzte auzoan eta etorkizun laburrean egitasmoa sendotzea dute xede: «Auzoaren parte sentitzen dira orain eta dagoeneko deitu gaituzte beste elkarte batzuetatik».
Bokaziozko lantaldea
Kontadoresko eraikinean, hamalau langile dabiltza gazteei aukerak ematen.«Ez da lan makala, motxila zamaz beterik dituzten ikasle oso gazteak ditugulako hemen», azaldu du zuzendariak. Hori horrela, «pozarren» daude udaletxetik iritsitako aitortzarekin, eta duela bi urte zendu zen Juan Miguel Altuna zuzendari ohiari eskainiko diotela azaldu dute.
Eskolako ibilbidea amaituta, eta aipatutako langileak aurkeztu ostean, harreran gara bueltan. Bisita eskertu digute, domina baino, ikusgarritasuna delako aitortza nagusiena: «Argi izpi bat jarri digute gainean, 35 urtez ernarazi ditugun haziak ikusarazteko. Orain, energia hori baliatuko dugu guztiok, haziak ernatzen jarraitzeko».