«Dantza zaindu, mimatu eta lehenetsi behar da»
Mentxu Medelek (Gros, 1954) 50 urte daramatza ballet klasikoa irakasten eta Gipuzkoako dantzari askoren erreferente da. Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina eskuratu du aurten, eta saria eskertu badu ere, bertoko dantza eta dantzariak bultzatzeko beharra aldarrikatu du. Bere iritziz, oinarrian jarri behar da indarra, ikasleek aukera gehiago izan ditzaten.
Aurten banatuko diren hiritar merezimenduaren bost dominetako bat jasoko duzu. Nola iritsi zitzaizun berria?
Izugarrizko pozarekin hartu dut. Nolanahi ere, ez dut meritu gisa ikusten, pasioarekin egindako lana delako, eta hori meritutzat baino, pribilegiotzat dudalako. Kontuak ateratzen hasi nintzen duela gutxi, eta aurten 50 urte egingo ditut irakaskuntzan hasi nintzela. Hortaz, zenbaki borobilaren saria dela esan dezakegu. Edonola ere, gehien poztu nauena jendearen berotasuna izan da, batik bat. Kaletik gelditu naute ikasle ohiek eta ezagunek, niregatik pozten direla esanez.
Nori kontatu zenion lehendabizi?
Familiari, noski. Dena den, oso bitxia izan zen guztia. Kasualitatez, mugikorra denda batean utzi nuen eta alkateak deitu ninduenean dendariak hartu zuen deia. Batera eta bestera jo ondoren, etxeko telefonoa lortu eta berria helarazi zidan. Ordurako, ordea, senide eta inguruko batzuek bazekiten. Ondoren, senide gehiagok deitu ninduten eta ikasleek jakin zutenean ere lore sorta batekin etorri ziren eskolara.
50 urte daramatzazu irakaskuntzan, baina noiz hasi zinen dantzan?
Lau urterekin nire ahizpa laguntzen nuen kontserbatorioraino, bere lagunetako batek dantza eskolak zituelako bertan. Gogoan dut Don Jose Urruñuela zela orduko irakaslea eta txundituta gelditu nintzela. Oraindik oso presente dut irakasleak nire ahizpari esan ziona: «Neskatila hau hona ekarri behar duzu, dantza gustatzen zaio eta».
Hala, urteetan gurasoei alamena eman ostean, zortzi urterekin hasi nintzen Agueda Sarasuak eta Peter Brownek Kursaalean zuten eskolan, eta haiekin debutatu nuen.
Urteak eskolan eman ondoren, ibilbide profesionala hasi zenuen. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Nik ezin izan nuen atzerrian dantzatu apenas. Espainian eman nituen hiru urte eta hori baino ez dut egin profesional gisa. Parisen ibili nintzen, egun nire senarra denarekin. Baina bikote proiektua genuen eta orduan ez zen egun bezala. Oso gazte joan ginen eta etxetik kanpo muga batzuk genituen.
Espainiako Dantza Garaikideko lehen konpainian ere egon zinen urte horietan. Nola sortu zen aukera hori?
Ballet Anexan izan zen hori, Conchita eta Jose Lainez maisu-maistrek dantza estilo berria irakatsi zidaten. Oso apurtzailea izan zen, ideia fresko eta berriekin zetozelako biak, eta esaterako, euskal folklorea balletarekin uztartzen zuen, Guridiren musikarekin. Urte horietako oroitzapen politak ditut, baina ez zuen asko iraun, diru laguntza handirik ez zegoelako orduan.
Dantzari gisa segitu nahi izan zenuen orduan?
Noski, hiru urte baino ez nituelako eman modu profesionalean. Ordutik, beti gelditu izan naiz frustrazioarekin. Nolanahi ere, nik uste dut patua oso zentzuduna dela eta zerbait egiten jartzen bazaitu, arrazoiren bat dagoela horren atzean. Nire kasuan, hasieran gustatzen ez zitzaidan zerbait egiten jarri ninduen. Estimulu horrekin utzi ninduen nire gogo eta nahi horiek guztiek ikasleei transmititu, eta nire ikasleak ailegatu zitezen.
Eta nola eman zenuen taulatik irakaskuntzarako pausoa?
Dantza profesionala utzi berri nengoela Rafael Ruiz Balerdi pintore eta lagun minak eta Paco Palacios musikoak euren proiektuan parte hartzera gonbidatu ninduten. Ikastetxe xumeetara artea eraman nahi zuten, musika, pintura eta dantza eskolekin.
Frustrazioarekin hasi nintzen arren, denborarekin gustatzen hasi zitzaidan, eta izugarrizko irakaskuntza izan zen niretzat. Pentsa, barrak ere ez genituen ikastetxe horietan, eta aulkiak eta eskolako materiala erabiltzen genuen. Lasarteko Sasoeta eskolan ibili ginen hasieran, eta orduan atera zen nire lehen ikasle profesionala.
Lehendabizikoa izan zen hura baina geroztik zure ikasleetako askok izan dute ibilbide profesionala. Zer sentitu duzu haien lorpenen berri izaterakoan?
Oso hunkigarria izaten da eskolatik pasatutako gazte asko dantza munduaren tontorrean ikustea. Gipuzkoako dantzari profesionalen elkartean nagoenez, beraiekin harremana mantentzen dut, askotan biltzen naizelako urtero egiten ditugun galak prestatzeko. Hemen, material mordoa dugu, eta hori guztia indartu egin behar da oinarritik, gure dantzariek ere, antzokiak betetzen dituztelako.
Zure ikasleetako batek, Isabel Verdinik, jasoko du aurtengo Urrezko Danborra.
Izugarri poztu nintzen oso beharrezkoa den aitortza jasoko duelako. Isabelek izaera berezia du, eta dantzan jartzen duen maitasun guztia transmititzen du. Lucia Lacarrari ere Arte Ederretako domina eskaini diote aste honetan, eta bera, esaterako, lan handia egiten dabil Zumaian, hemengo dantzariei lana emanez. Egia esan, dominak pilatzen gabiltza dantza munduan, eta horrek gure sektorearen inguruan hitz egiteko aukera ematen digu.
Eta, zure ustez, nola dago sektorea?
Artearekin, oro har, arazo handia dagoela ikusten dut, erakundeetatik ez delako herritarrengana gerturatzen. Zenbat gazte ikusten ditugu erakusketetan? Edo ballet emanaldietan? Beti helduak dira. Hor lanketa bat egin behar dute erakundeek, gazteekin bereziki, diziplina artistikoetara gerturatzeko beharra egoteaz gain, artisten ibilbideak bultzatu behar direlako.
Dantza munduan materia asko dago gurean, eta emanaldi jakin batzuez harago, ez zaigu epe luzerako konpromisorik eskaintzen. Baina, dantza zaindu, mimatu eta lehenetsi behar da, herritarren hezkuntza artistikoaren oinarria ere badelako.
Gailurrera iritsi diren horien kasuan, trebezia txikitatik nabaritzen duzue ala urteekin garatzen dute?
Segituan nabaritzen duzu etxetik talentuarekin datorren ala ez. Baina, talentuaz harago, jarrera kontua da, nahi duten maila eskuratu arte behin eta berriz saiatzen direlako. Eskoletan, besteak zuzentzen nabilen bitartean, beraiek adi-adi jarraitzen dutela ikusten dut. Dantzarako jaio egin behar da, eta bokazio hori txikitatik ikusten da.
Eskoletako zenbatek hartzen du ibilbide profesionala ondoren?
Hemen ez ditugu txurroak bezala ateratzen, baina urtero-urtero bizpahiru dantzarik karrera egiten dute. Hori horrela, ez dut ulertzen zergatik ez diren gure dantzarien karrerak bultzatzen. Eguberrietan, esaterako, denak etxera etortzen direnean, oso erraza da horietako batzuekin ekitaldi bat prestatzea, Errusiako ballet konpainiarik ekarri beharrik gabe.
Zure ikasleek oso zorrotza zarela esan dute hainbatetan. Hala da?
Ez dut ezetzik esango, dantza bere horretan zorrotza delako. Nolanahi ere, aldaketa sumatu dut azken urteotan, belaunaldi berriekin. Teknologiak eragin handia izan duela esango nuke, eta interesa baduten arren, aldrebestuak sumatzen ditut. Gehiago kostatzen zaigu eta lana, esfortzua eta diziplina irakastea. Dena dela, denek ez dute ibilbide profesionala bilatzen, ondo pasatzera ere etortzen direlako. Pentsa, 4-5 urteko ikasleak ditut, eta baita 80 urtekoak ere. Batzuen kasuan, gainera, bere garaian ikasle izandako neskatilak, beraien alabekin etortzen dira orain akademiara dantza egitera.
Baduzu erronkarik aurretik?
Erretiroa hartuko dut laster, eta orain jarraipena eman nahi diot nik sortutako guneari. Nire alabak (Helis Legorburu) eskolarekin jarraitu dezala nahi dut, hemengo dantzarien oinarria sendotu eta haien karrerak hauspotzeko. Gure akademiatik harago, zoragarria izango litzateke Euskadiko Balleta sortzea. Asmo handiko proiektu bat da, baina egingarria dena eta gazte askori aukerak emango lizkiokeena.