Euskara behar du herriak
BIZKARSORO
Zuzendaria: Josu Martinez.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Euskal Herria.
Duela bost urte ekin zion Josu Martinez zinemagile bilbotarrak existitzen ez den herri baten historia kontatzeari. Mapan kokatzerik ez dagoen arren, ezaguna dugu, bertako biztanleen hizkera ulertu, sentitu eta maite dugulako. Horixe da, hain zuzen ere, herri batek bizirauteko behar duena, hizkuntza. Munduari begiratzeko, eta posizioa hartzeko tresna, bide eta aldarria. Hizkuntzek beren hiztunen nortasuna definitzen dute, eta berau defendatu nahian, iraultza txikiak zilegi izango dira. Galdetu bestela bizkarsorotarreri, euskara gorde, babestu eta biziberritzeko egindako ahaleginak ez baitituzte alferrikakoak izan.
Euskal Herri osoko lekukotza, testigantza eta idazkietatik abiatuta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek Bizkarsoro-n. Ama (2018), Anti (2019), Subandila (2020), Hitzak (2022) eta Alaba (2023) film laburretan jasotakoak batuz, euskarak bizi izan duen bazterkeria, jazarpena eta hurrentzea erakutsiko ditu, belaunaldi hainbatek beren artean zein hizkuntzarekin duten lotura aztertuz. Istorioz istorio, garai batetik bestera, errepikatu egingo dira motibo narratibo eta bisualak —bidezidorrak, kantaldiak, eta, nola ez, borrokak, konplizitateak, eta sentimenduak—, Bizkarsoro Gabriel Garcia Marquezen Macondo edo Bernardo Atxagaren Obabaren pareko unibertso bilakatuz.
Lehen Mundu Gerran frantses armadan izan ziren bizkarsorotarrak —gudu-zelaitik zauriturik eta minduta itzuli zirenak, baina haien berri berriro ere inoiz izango ez ditugunak—, elkar salatzera behartuta dauden haurrak, alemaniar nazien mehatxutik ihesi dabiltzan gudariak, lurperatutako pospolo kaxetan aurkitutako hitzak gordetzen dituzten gazteak, gizarte modernoak hala bultzatuta jaioterria utzi eta hiriguneetara doazen ikasleak, haurrak euskalduntzeko konpromiso itsuz ikastolengan sinesten duten guraso eta irakasleak. Finean, urteen poderioz gordintzen joan den oldarraldiaren memoria ariketa poetikoa da Bizkarsoro, euskaldunek bizilagun izan ditugun nazioen eraikuntzek inposatutako botere harremanak salatuko dituena.
Euskarari idatzi zaion eskutitz ederrena izan liteke, abestirik sentikorrena, film aldarrikatzaileena. Eta balio dezala herri eta hizkuntzaren alde borrokan jarraitzeko. Elkartasunean eta auzolanean, betiere. Izan ere, horixe bera da proiektuaren giltzarria. Ipar zein Hego Euskal Herriko jendearekin —zinema arloko profesionalak izan zein ez, eta Baigorriko eta inguruetako bizilagunak, batez ere— osatutako lantalde ameslariaren ekimenez jaio da Bizkarsoro, euskara hutsez asmatu eta ondutakoa. Nola bestela!