Haur danborrada bat sortzeko ilusioa
Baltasar Iglesias Pellicerri zor zaio Intxaurrondok 1964tik haur danborrada bat izatea. Azpeitian danborrada bat sortua zuen ordurako, eta bere hirian ere halako zerbait egitea erabaki zuen. Auzoak ederki erantzun zion, eta egun ere bizirik dirau egitasmoak.
Intxaurrondoko Haur Danborradaren sortzailea, Baltasar Iglesias Pellicer donostiarra, omenduko dute bihar Intxaurrondo Hegoa ikastolako patioan, 10:30ean. Iazko irailaren 4an zendu zen Don Balta —horrela deitzen zioten Intxaurrondon—, 95 urterekin. Ordea, auzoak ez du gizon hura ahaztu, ezta danborradaren eta auzoaren alde egin zuen lan eskerga ere. Intxaurrondoko Haur Danborradarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAK, eta Don Balta nor izan zen azaldu dute.
Nabarmendu dutenez, agian danborrada izan da Intxaurrondo auzoa bere sorreratik gehien lotu duen jardueretako bat, eta Don Balta da istorio honetako “protagonistetako bat”. Don Balta Azpeititik Intxaurrondora etorri zen 1962an, eta haur danborrada bat antolatzeko gazteak animatzea erabaki zuen, Azpeitian Cecilio Arabaolazarekin batera arrakastaz lortu zuen moduan. “Egia esan, jaiak antolatzea gustatzen zitzaion eta jarduera guztietan parte hartzen zuen auzo batekin topo egin zuen. Beraz, ingurua prest zegoen haurren danborrada bat antolatzeak ekarriko zuen abentura berrirako”, aitortu dute danborradako kideek.
Amets hori 1964ko irailaren 14an gauzatu zen, Santa Kruz jaietan, auzoko haurrek haur danborradan lehenengoz parte hartu zutenean. Lehen danborrada hartan ez zegoen denborarik jantzi propioak izateko, baina asmatu zuten irtenbidea: “Danborrada ateratzearen ilusioa hain zen handia, ezen Azpeitiko Haur Danborradako jantziak jasotzera joan baitzen Baltasar jauna”, azaldu dute.
Jantziez gain, upelak ere behar zituzten, eta Artzak Ortzeok elkarteko kideek utzi zizkieten. “Nabarmentzekoa da elkarte honek auzoko danborrada bultzatzeko egin duen lana, ‘guztion danborrada’ eginez. Besteak beste, haiek arduratzen ziren karroza apaintzeaz”, nabarmendu dute.
Ordutik 2012ra arte, irailaren 14ero haur danborradak Intxaurrondoko kaleak alaitu zituen, karroza eta guzti, jaietako erreginarekin eta damekin.
San Sebastian egunera saltoa
Danborrada honen arrakastak eta ilusioak 1965eko San Sebastian egunean haur danborradan parte hartzeko konpainia bat prestatzera bultzatu zituzten antolatzaileak. Garai hartan, Kultur eta Turismo Zentroak haur danborradak sortzea sustatzen zuen, eta konpainiak diruz laguntzen zituen.
“Egoera hori aprobetxatuz, Don Balta Ramon Peyroncely Turismo zinegotziarekin eta Kultur eta Turismo Zentroko lehendakariordearekin elkartu zen, Intxaurrondok haur danborradan parte har zezan. Eta hala izan zen: lehen parte hartzea 1965eko urtarrilean izan zen, urtarrilaren 24an zehazki, 20an bertan behera geratu baitzen, euria zela eta”, gogorarazi dute.
Hasieratik 1972ra arte, danborradak Los Luises de Intxaurrondo izena hartu zuen, parrokiak San Luis Gonzaga elkartekoak baitziren, eta, beraz, Luises deitzen zitzaien. Horretarako jarritako uniformea Gipuzkoako batailoiaren erreplika bat izan zen, Infanteria ordezkatuz. Bandera, gaur egun ere konpainiaren estandartea dena, auzoko Juan Mari Illarregik egin zuen.
Euskal Billera izan ezik, hau izan zen ikastetxe edo eskola publiko batekoa ez zen lehen haur danborrada, eta auzoko bakarra 1985era arte, Maria Auxiliadora (Salestarrak) sartu zen arte.
1972tik aurrera, danborradak Intxaurrondoko Katekesia izena hartu zuen, eta 2023an Intxaurrondoko Haur Danborrada Kultur Elkartea eratu ondoren, auzoko danborrada honen ondarea bizirik mantentzen dute.
Don Baltari omenaldia
“Osasun eta adin arrazoiengatik”, Don Balta 2002an erretiratu zen danborradaren antolakuntzatik, “baina interes handiz jarraitu zuen konpainia horren azken egunetara arteko bilakaera”, jakinarazi dute danborradako kideek.
2015ean, konpainia horrek Donostiako haur danborradan parte hartu zueneko 50. urteurrena zela eta, Intxaurrondoko Haur Danborrada existitzen jarraitzea ahalbidetu duten pertsona garrantzitsu guztiak omendu ziren.
Don Baltari Intxaurrondoko Haur Danborradako danborrek eta upelek ordutik erakusten duten estalkia oparitu zioten. Omenaldira joaterik izan ez bazuen ere, familiak hunkituta jaso zuen estalkia bere izenean.