Haurrak prest daude San Sebastian eguna behar bezala ospatzeko
Iristear da San Sebastian eguna, eta Donostiako ikastetxeetako haurrak prest daude hiriko egun handian kaleak danbor eta upel hotsez betetzeko. Gaur aurkeztu dute aurtengo haur danborrada Viktoria Eugenia antzokian, eta ikastetxeetako haurrak pozik eta giro alaian joan dira ekitaldira.
Haur danborradako protagonistez gain, bertan izan dira Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti Kultura zinegotzia, aurtengo Urrezko Danborra jasoko duen Isabel Verdiniren dantza taldea, eta Joselontxos txaranga. Gainera, Juanma Mimoa arduratu da ekitaldiari umorea jartzeaz, eta haurrak gustura aritu dira harekin jolasean. Bestalde, Realeko jokalariek bideo bat bidali diete haurrei San Sebastian eguna ondo pasatzea opatuz, eta ezusteko handia izan da haurrentzat, bideo horiek ikusteaz gain, jokalariek Realeko hainbat baloi ere oparitu dizkietelako. Sekulako giroa izan da Viktoria Eugenia antzokian Juanma Mimoak baloiak banatu dituenean.
Horrez gain, aurten haur danborradan 50 urte betetzen dituen Maria Reina ikastetxeari omenaldia egin diote, eta ondoren, pertsonaien aurkezpenaren ostean, alkateak dominak ezarri dizkie. Amaitzeko, Zuhaiztiko dantzarien laguntzaz, Donostiako Martxa jo dute elkarrekin.