Osakidetzaren planteamendu falta eta langileen eskubideen urraketa salatu dituzte larrialdietako langileek
Osakidetzako larrialdietako langileek planteamendu falta eta langileen eskubideen urraketa salatu dituzte Gipuzkoa plazan egin duten elkarretaratze batean. ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuek babestu dute deialdia, hamarnaka pertsonek egin dute bat.
Aste honetan “borroka astea” egingo dute eta ez dituzte ordu estrarik egingo; izan ere, haien lanaldien ordutegiak ez dute larrialdietako beharren gutxienekoa betetzen. Langile falta dela eta, osasun etxe batetik bestera joan behar izaten dute langileek gutxieneko zerbitzu guztiak bermatu ahal izateko. Hori konpontzeko asmoz, Osakidetzako zuzendaritzari planteamendu sendo bat egiteko eskatu diote, haien lan baldintzak eta eskubideak errespetatuak izan daitezen eta Osakidetzak gutxieneko zerbitzua eskaini dezan.
Iaz bilera bat izan zuten larrialdietako zuzendaritzarekin, eta urtarrilean beste bat egitekotan geratu ziren. Oraindik zuzendaritzaren erantzunaren zain daude bilera eguna zehazteko. Hortaz, Gotzone Amurizak, larrialdietako langilea eta LAB sindikatuko delegatuak, adierazi duenez “langileen eskubideak bermatu arte eta planteamendu sendoa egin arte borrokan” jarraituko dute.
Bengoetxea kaleko EAG (Etengabeko arreta guneak)
Osasun zentroko ordutegitik kanpo edo jaiegunetan bizi larrialdiak ez diren egoerak kudeatzen dituzten zentroak dira hauek eta Gipuzkoa osoan biztanle gehien dituen zentroetako bateko, Donostiako Bengoetxea kaleko EAG, datuen arabera, 2023ko irailetik abendura bitartean izan ziren asteburuko eta jaiegunetako 115 txandetatik 38tan ez zen laguntza medikorik eman. Hau da, heren batean, erizainek bakarrik artatu zituzten gaixotasunen bat zuten pazienteak.