Kirol emaitzak

Sailkapenean gora egiteko garaipena eskuratuta itzuli dira Realeko neskak

Garaipenak eskuratu dituzte asteburuan Realeko mutilek eta neskek, Ibaeta Basketek, Gipuzkoa Basketek eta Txuri Urdineko neskek.

reala-levante-las-planas Realaren eta Levante Las Planasen neurketako une bat.Reala

Garaipenaren bidetik jarraitu nahi zuten Realeko neskek Levante Las Planasen zelaian, eta helburua beteta itzuli dira etxera, 0-2 irabazita. Nagusitasunez aritu ziren txuri-urdinak hasieratik, eta atsedenaldirako bideratuta zeukaten garaipena. Izan ere, Jensenek 11. minutuan sartu zuen lehenengoa eta Franssik 35.ean bigarrena. Gol gehiago sartzeko aukera ere izan zuten donostiarrek, baina markagailua ez zen mugitu. Horrela, hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen Realak, eta ligako sailkapenean gora egin dute, zazpigarren postua eskuratuta.

Mutilei dagokienez, seriotasun handiz jokatu zuten Celtaren etxean larunbatean, eta 0-1 irabazi zuten, Braisek 11. minutuan sartutako golari esker. Bajak eta nekea tarteko, talde ezohikoa zelairatu zuen Imanol Alguacilek, harrobiko hainbat jokari gazte talde titularrean aterata, baina lehenengo taldean aritzeko maila dutela erakutsi zuten. Sadiqek eta Braisek gol gehiago egiteko aukerak izan zituzten, baina huts eta batekoarekin itzuli ziren txuri-urdinak Donostiara. Albiste txarrena, Aihen Muñozek belaunean lesio larria izan zuela, eta hurrengo denboraldira arte ez da zelaietara itzuliko. Asko erlaxatzeko denborarik ez dute izango, ordea, asteartean Vigora itzuli baitira berriz, eta kopako finalerdietarako txartela izango dute jokoan Celtaren aurka.

Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipen garrantzitsua eskuratu zuen larunbatean Bartzelonaren aurka, eta ligako zazpigarren postuan daude. Gipuzkoa Basketi dagokionez, Caceresen etxean irabazi zuen ostiralean, eta ligako hirugarren postuan daude.

Azkenik, izotz hockeyan, nagusitasun handiz irabazi zuten Txuri Urdineko neskek etxean igandean, Jacari 10-1 irabazita. Ligako lidergoan sendo eta geldiezin jarraitzen dute donostiarrek.

PARTIDAK

Futbola

Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia

  • Levanta Las Planas 0 — Reala 2

Gizonezkoen liga, 21. jardunaldia

  • Celta 0 — Reala 1

Saskibaloia

Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia

  • Bartzelona 55 — Ibaeta Basket 77

Gizonezkoen bigarren mailako liga, 18. jardunaldia

  • Caceres 68 — Gipuzkoa Basket 86

Izotz hockeya

Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia

  • Txuri Urdin 10 — Jaca 1
HITZAkide HITZAkide