EH Bilduk udal gobernuari eskatuko dio «modu ofizialean» eskatu dezala Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko
EH Bilduk azken hilabeteotan bi aldiz eraman du udalbatzarrera Donostia osoa tentsio handiko eremu izendatzeko proposamena, etxebizitza arloan alokairuaren prezioa mugatu ahal izateko hiri osoan. Bi aldietan gehiengoz onartu dira koalizio abertzalearen proposamenak, baina alderdiak salatu duenez, “udal gobernuak ez du ezer egin”. Horrela, EH Bilduk jakinarazi duenez, urtarrileko udalbatzarrera (hilaren 15ean izango da) berriz eramango dute gaia.
Izan ere, Eneko Goia alkateak, duela bi aste Radio San Sebastian irratian emandako elkarrizketa batean, esan zuen Eusko Jaurlaritzari eskatu ziola hiri osoa izendatzeko tentsio handiko eremu, baina EH Bilduk salatu duenez, udal gobernuak “ez du pauso eraginkorrik eman”: “Ez du egin Donostia osorik tentsio handiko hiri izendatzeko eman beharreko urrats eraginkorretako bat ere. Hala aitortu zigun Hirigintza Iraunkorreko ordezkariak joan den astelehenean, batzordean. Alkateak eta bere gobernuak ez dute pausorik eman, horretarako (ustezko) asmoa hedabide hainbatetan adierazteaz harago”. “Tinta-erdiek ez digute balio, eta hiri osoa hala katalogatu behar da. Ez da nahikoa tentsio handiko etxebizitza eremu gisa bost errolda barruti proposatzea”, gehitu du EH Bilduk.
Horrela, Donostia osoa tentsio handiko eremu ez izendatzea “arduragabekeria” litzatekeela iritzita, eskaera “modu ofizialean” egiteko eskatuko du EH Bilduk osteguneko udalbatzarrean, baita eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzeko ere: “Eskaeraren justifikazio memoria, etxebizitzaren arloko egoeraren azterketa eta arazoari aurre egiteko hiru urterako Etxebizitza Plana”. Era berean, dokumentazio hori udal talde guztiekin partekatzeko eskatuko diote udal gobernuari, “baita dokumentazio hori egiteko lehentasun osoa izateko eta eskaera modu ofizialean aurkezteko ere. Prozesuaren atal honek aspaldi egon beharko luke martxan”.
Espainiako Gobernuak EH Bilduren babesarekin iaz onarturiko Etxebizitza Legearen bidez izendatu daitezke tentsio handiko eremuak hirietan, eta koalizioak nabarmendu du “aukera paregabea” eskaintzen duela horrek “etxebizitzaren arazoari irtenbideak ematen hasteko”. “Jakina, ez da nahikoa, neurri gehiago hartu behar direlako, baina positiboa da eta norabide egokian doa. Aukera hori ez aprobetxatzea, gertatzen ari den bezala, arduragabekeria litzateke, denborak gehiago atzeratzea bezala”, gehitu dute.