Aurrekontu «ausartak, anbizio handikoak eta ahalik eta adostasun handiena dutenak» behar direla adierazi du EH Bilduk
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak, gaur, prentsaurreko baten bitartez, aurrekontu berrien inguruko iritzia eta proposamena azaldu du. “Bizitzak hobetu” eta Donostian “norabide aldaketa ekarriko duten aurrekontuak” beharrezkoak direla azaldu du bozeramaileak, eta “adostasunak bilatzeko prest” daudela jakinarazi du agerraldian.
Donostian EAJ eta PSEren Udal Gobernua egiten ari duen aurrekontuen lanketaren arira, EH Bilduk “gauzak asko aldatzen” ari direla dio eta “erabaki ausartak” hartu behar direla nabarmentzen du.
Etxebizitza, mugikortasun iraunkorra, turismoa, aldaketa demografikoa, mugimendu migratzaileak, gizarte politikak, zaintzak, klima larrialdiak eta tokiko energia berriztagarriak dira EH Bilduk identifikatuak dituen arazo nagusiak. Bi gai gehitu ditu mahai gainean prentsa agerraldi honetan: kudeaketa pribatua duten zerbitzu zein eraikin batzuek publikotasunera itzultzeko aukera eta berdintasunaren aldeko jauzi kualitatiboa egiteko aukera. Ekonomikoki eragin zuzenik ez duten arren, etxebizitza babestuko parke baten alde egitea, eta hotel eta turismo ostaturen lizentzien inguruan ere aritu dira.
Halaber, Donostian beharrezkoak diren zazpi erronken inguruan hitz egin dute: etxebizitza, mugikortasuna, turismoa eta auzoen arteko desorekak, energia, gizarte politikak eta zaintza, kudeaketa pribatua eta publikoa eta azkenik, berdintasuna.
EH Bilduk elkarlanerako eta “donostiarrentzako aurrekontu hoberenak bultzatzeko” prestutasuna adierazi du.