Udalbatzak bakarrik utzi du Corominas erregearen erretratua berreskuratzeko saiakeran
Alderdi Popularrak Felipe VI.aren erretratua berreskuratu nahi izan du Osoko Bilkuren aretoan jartzeko. Gainerako alderdiek baina, bertan behera utzi dute eskaera.
Alderdi Popularra ez du inolako babesik izan gaurko udalbatzan Felipe VI.a erregearen erretratu bat jartzeko eskatzerako orduan. Borja Corominas PPko bozeramaileak defendatutako kontrol mozioan gogorarazi du Auzitegi Gorenaren arabera, oinarrizko araua dela erregearen erretratua osoko bilkuren aretoetan lehentasunezko leku batean jartzea: “Ez naiz monarkia edo errepublikaren eztabaidan sartuko, legea betetzeari buruz gabiltza hizketan.
Haur bat edo maskota bat hezten den moduan hezi nahi zaituztegu, legea interesatzen zaizuenean bakarrik betetzen duzuelako”. Gogorarazi du, halaber, EH Bildu udal gobernuan zegoela kendu zutela Juan Carlos I.aren erretratua, eta geroztik ez dela bueltatu.
Azalpenak emanda, iritsi da gainerako alderdien hitza hartzeko unea, baina ez sozialistek, ez jeltzaleek eta ezta EH Bilduk ere, ez dute minutu bat ere igaro gaiaren inguruan hizketan. Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiako zinegotzia mintzatu da bakarrik, errepublika estatu eredu gisa babesten duela adierazi, eta “diktadore batek aukeratutako” pertsona bat jartzeko asmorik ez duela azaltzeko.
Udaleko alderdiei erantzuteko txanda iritsi zaionean, harrituta mintzatu da Corominas, seriotasun eta parte hartze falta nabarmenduta:”Nire buruari erantzun behar diot, ala?”. Bozketan, PPko hiru zinegotziek bakarrik altxa dituzte eskuak euren proposamenak babesteko, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurka bozkatu zuten eta zinegotzi sozialistek abstentzioaren alde egin dute.
Bozketaren ostean, Eneko Goiak adierazi du PPk defendatutako proposamena “Donostiako herritarren kezkatik urrun” dagoela. Era berean, EH Bilduk defendatu du 2011ean, ez zela inolako iskanbilarik sortu erretratua kentzerakoan eta ez dutela 78ko erregimenaren sinboloa berrezartzeko asmorik.