%4,6 igoko da Donostiako Udaleko aurrekontua
Donostiako Udal gobernuak 2024.urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa aurkeztu du. Aurrekontua %4,68 handituko da eta 483.617.126 eurokoa izango da.
Donostiako historiako aurrekonturik handienaren proiektua aurkeztu du gaur Eneko Goiak. Ekarpenak egiteko aukera zabalduko da orain, eta martxoaren amaieran onartzea espero dute. Eneko Goiak hiru lehentasun azaldu ditu: Txoko eta auzo guztien beharrak hobetzea; zailtasun handien duten herritarrak laguntzea, gastu sozialeko Donostiako historiako aurrekontu handienak eginez; eta “hiriak aurrera egiteko” proiektuak.
Argitu duenez, eskaintzen diren ondasun eta zerbitzuen kostuak handitu egin direla, eta ondorioz, “zuhurtziaz kudeatu behar dela, nahiz eta Udalaren finantza egoera ona den”.
Horren adibide jarri du autobus txartelen prezioa merketzeko azken ordura arte erabakia ezin hartu izana: Espainiako Gobernuak ez baluke diruz lagunduko, udalarentzat 8 milioi euroko gastua litzake.
Udalaren zor-publikoa nabarmen haziko dela azaldu dute Goiak eta Kerman Orbegozo Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak, baina dena Europako legeak jarritako mugen barruan dagoela, eta udalaren egoera “ona” dela nabarmendu dute. Zorraren arrazoi nagusiak euriborraren igoera eta Loiolako Kuartelak erosteko mailegua direla argitu dute.
Orbegozok gastu arrunta %9 inguru igo dela azaldu du. Pertsonal gastuan igoera nabarmena izango da, soldatak %3 igoko direla eta. Bestetik hamasei funtzionario lanpostu berri sortzeko proposamena jaso dutela argitu du: mugikortasun agente, suhiltzaile eta Gizarte Ekintzako, Obra eta Proiektuetako, Ekonomia Kudeaketarako eta Lehendakaritzako langile izateko.
Gizarte saila, inoizko handiena
Gizarte Ekintza saileko aurrekontua %8,58 hazi dela jakinarazi dute prentsaurrekoan. Gehien handitu diren aurrekontu sailen artean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (%14,71) zein Lan Partekatuaren Planaren Laguntzak eta elikadurara bideratutakoak daude (%9,3).
Aurrekontu proiektuak Egiako Villa Saliaren obren amaiera aurreikusten du, eraikina egokitzeko eta ekipatzeko 500.000 euro zenbatzen duten bi aurrekontu-sailekin. Eraikin honek HESTIA zerbitzua (gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak artatzeko eguneko zentroa) eta familiak laguntzeko programak garatzeko zerbitzua hartuko ditu.
Antiguako Gizarte Zerbitzuen Zentroa handitzeko lehen pausoak emango dira; Gros auzoko jubilatuen elkartea lekuz-aldatzeko prozesua hasiko da, baita Erdialdeko jubilatuen elkartea berritzeko prozesua ere.
Mugikortasuna eta suhiltzaileak
Mugikortasuna izango da beste inbertsio garrantzitsuetako bat: Aurrekontuproiektuak Dbus-en gasturako 1,6 milioi euroko ekarpena aurreikusten du segidakoa aurrera eramateko: Mugi Birtuala ezartzeko, mikrobus berriak erosteko, suteak ekiditeko sistema berritzeko, eta hainbat ekipamendu berri izateko. Era berean, Udalak 1,2 milioi euroko ekarpena egingo dio 17. linean BEI proiektua ezartzeko.
Suhiltzaileen egoera hobetzeko hainbat inbertsio adostu dituzte bi alderdiek: makinak berriak, instalazioak eta tresneria berritzeko eta ibilgailuen flota berritzeko aurrekontu-sailak izango dituzte. Eta besteak beste, hiru kamioi berri eta 4×4 ibilgailu bat erosi ahal izango dira. Gainera, Suhiltzaile Gidari izateko 3 plaza eta Komunikazioen Operadore izateko plaza bat sortuko dira.
Enplegua eta kirola
Marisol Garmendiak azaldu duenez, bai enpleguaren sorreran eta baita kirolean ere, apustu handia egingo du udalak. 3 milioi euro aurreikusi dituzte “enplegua sortu eta garapen politikak” martxan jartzeko. Kirol arloan, hainbat obra egingo dituztela iragarri du: “Herrera eta Añorgako futbol zelaien hobekuntza-lanak; Anoetako belodromoaren estalkiaren berrikuntza; Illunbe erabilera anitzeko pabilioia izateko aurrera pausoak, eta Anoetako mini estadioaren berritzea”. Garmendiak berak argitu duenez, Herrerakoa izango da Ekialdean aurreikusten den futbol zelai bakarra, eta “Donostiako hoberena” izango dela ziurtatu du.
Tramitazioa
Aurrekontu proiektuaren aurkezpenarekin Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako departamentuak aurreikusitako tramitazioa abiatuko du. Hortaz, behin proiektua Tokiko Gobernu Batzarrean onartuta eta udal taldeei aurkeztuta, zuzenketak egiteko epea hasiko da. Goiak gaineratu duenez, udal talde “guztiei” aurkeztuko die, eta akordioetara iristea bilatuko dute. Edonola, ez da ezinbestekoa akordioak erdiestea, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baitute.
Departamentuak aurreikusitako egutegiaren arabera, aurrekontua eta zuzenketak eztabaidatzeko Ogasun batzordea martxoaren hasieran egingo litzateke, eta ondorioz, aurrekontuaren onarpena martxoaren 21erako aurreikusita dagoen ez-ohiko udalbatzarran egingo litzateke.
Hainbat inbertsio
– 375.000 euro Haur parkeak berritzeko
– 1.000.000 euro Salamanka pasealekuko baranda berritzeko
– 3.250.000 euro Altzan birgaitze laguntzetarako
– 75.000 euro Parte Zaharreko Haurtxokorako
– 400.000 euro Loiolako Erriberetako Haurreskolarako
– 250.000 euro Parte Zaharreko ekintza plana egiteko
– 3.062.284 euro Lorategi Hiriaren Urbanizazioa egiteko
– 500.000 euro Polloen errautsen lorategia proiekturako
– 100.000 euro Herrerako futbol zelaiarako
– 900.000 euro Belodromoaren teilatua berritzeko
– 250.000 euro Añorgako futbol zelaiarako
– 500.000 euro Anoetako Miniestadiorako
– 271.944 euro Herizeko igogailurako
– 650.000 euro Haizearen Orrazia birgaitzeko
– 600.000 euro Kontxako barandaren azken fasea egiteko
– 950.000 euro Bera Berako urbanizaziorako
– 690.622 euro Añorgako Zeharbidearen urbanizazioaren 2.faserako
– 1.900.000 euro Anoetako urbanizaziorako
– 1.434.836 euro Asfaltatze kanpainetarako
– 150.000 euro Ferrerias plazarako