Arnasgune autogestionatua turistifikazioaren bihotzean
Pasa den urtean, Birunda espazio autogestionatua jaio zen. Parte Zaharrak eta proiektuak elkar ezagutzeko aukera eta beharra izan zuten. Eta halaxe izan da. Jaioberria den espazioa kaleratze arriskuan dago eta borrokan dihardu etsaiaren aurrean: gentrifikazioa.
Parte zaharreko Abuztuaren 31 kalean barrena paseatzen dagoenak Birunda hitza irakurri dezake, letra larriz, Restaurante eta Bar idatzita dauden bi toldoren artean. Bertan ireki zuten 2023ko urriaren 25ean, Donostiarako, turistifikazioaren bihotzean, erresistentziarako gunea.
Hainbat jarduera antolatzen dituzte astero Birundakoek: bertso eskola ez mistoa, antzerkiak, hitzaldiak, ostiraleroko kafetak, mahai jolasen saioak, mintzapraktikak, lehiaketak, truke azokak, erakusketak eta tailerrak, besteak beste.
Bi urte inguru igaro zituzten proiektuaren sorrera eta eskaintza politikoaren inguruan pentsatzen, eta horren baitan lanketa sakonak egiten. Okupazioaren bueltan, mugimendu autonomoetan eta espazio transfeministetan ibilitakoak dira Birundako kideak. Badute gaian jakin-mina eta esperientzia.
Zabaldu duten espazioa jatetxea izan zen bere garaian eta zortzi bat urtez abandonatuta egon da, okupatu zuten arte. Gaur egun, kulturaz beterik daude espazioaren ertzak. «Gehiegizko kontsumoa dago Parte Zaharrean, eta beste eskaintza bat izan zezan nahi genuen», azaldu du Birundako kide batek —izen eta abizenak ez argitaratzea nahiago izan dute—.
Zazpi dira Birundaren printzipio politikoak: antiespezismoa, antirrazismoa, antikapitalismoa, antifaxismoa, transfeminismoa, internazionalismoa eta antiautoritarismoa. Lokalaren lehendabiziko zutabean irakur daitezke printzipio hauek, atetik sartzera doanak ez dezan espazioarekiko zalantzarik izan. Behin espazioa martxan egonda, kideek diote ez dela erraza izaten zehaztasunetara iristea; ondorioz, lokalaren inaugurazioaren aurretik printzipioak zeintzuk izango ziren argi zuten.
Espazioa
Abuztuaren 31 kaleko lokala zikinkeriaz beteta zegoen sartu ziren egunean, zortzi bat urtez abandonatuta egon baita. Antza, jabea langileekiko eta auzotarrekiko zituen zorrekin desagertu egin zen, eta epaiketara deitua izan delako izan dute haren berri.
Eraikineko bizilagunek «kaltegarriak ziren egoerak bizi izan dituzte», salatu dute Birundakoek. Ur beltzak beteta zegoen beheko solairua eta eltxo izurria zegoen eraikinean. Kideek adierazi dutenez, «garbiketak egin genituenetik, bizilagunek hobekuntzak nabaritu dituzte eta horrenbesteko plagarik ez dagoela jakinarazi digute».
Autogestioan oinarritutako hainbat proiektuetatik datorren talde honek, etxeko lanak egin zituen eta gaur egun espazio hau garbi eta txukun dago.
‘Sarea’ hitzak babesa esan nahi du
Udaran auzo lanei ekin zieten eta urrian proiektua auzora zabaldu zuten. Egun, gazte asanbladak espazioa bilerak egiteko erabiltzen du, eta elkarlanean Truke Azoka eskaini zioten auzoari.
Gau Beltza ere auzoko elkarteekin batera antolatu zuten, eta «auzotarrekin sarea zabaltzeko aukera ederra» izan zela gogorarazi dute.
«Gehiegizko kontsumo espazio daude Parte Zaharrean.
Birundak beste eskaintza bat izan zezan nahi genuen»Birundako kide bat
Kafetak egiten dira ostiralero, arratsaldetan, tailerrekin edo txapelketekin lagunduta. Hitzaldiak eta zine foruma egin dituzte; esaterako, ikuspegi transfeministatik iraultza pornografikoa lantzen eta jorratzen jarraituko dute, pornoa gizartean gaur egun estigmatizatuen dagoen gaia izanik.
Bideo bat zabaldu zuten marrazketa lehiaketa baten inguruan berri ematen. Irabazleak hutsik dagoen horma irudi bat marrazteko aukera izango du eta parte hartzaile guztien obrekin erakusketa bat antolatuko dute. Bestalde, abesti bat sortu dute Birundakoek, baita ere: rap tailerra antolatu zuten eta egun postprodukzio lanetan dago abestia.
Birundako espazio autogestionatu honek ateak zabalik ditu eta espaziora gerturatzen den orok gaiak eta ekitaldiak proposatzeko aukera du, «betiere, gaia eta lanketa printzipio politikoetan oinarrituta baldin badago».
Kaleratze arriskua
Turistifikazioaren eta gentrifikazioaren bihotzean sortu dute proiektua. Birundako gehienak periferiatik datoz eta nahiz eta batzuk auzotarrak izan, «apustu handia izan da auzo honetara, baldintza hauekin, okupatzera sartzea».
Donostia okupatu digute eta desalojatu nahi gaituzte lelopean, haien proiektua indarrez defendatzen ari dira Birundakoak.
Izan ere, denbora gutxira iritsi zaie kideei kaleratze arriskuaren berria. Bi epaiketa data izan dituzte eta bietan atzeratu egin da. Otsailaren 6an da hurrengo zitazioa. Hasieratik, epaileak kaleratzea eskatu zuen eta fiskalak atzera bota zuen. Prozesu erdian, kasua instrukzioz aldatu zuten eta egun batetik besterako aldaketa honek ez dio mesederik egiten Birundari. Kontuak horrela, kaleratzearen aurrean, kasu batzuetan, «aktibitatea piztu egiten da eta egoerari indarrez» heltzen zaiola nabarmendu dute Birundakoek.
Birundaren zabalera ez da lokal berri baten albistea
edo eskaintza kultural desberdin bat soilik;
gentrifikazioari zuzeneko zauria da
Espazio autogestionatuko kideek auzotarrak eta herritarrak Birundara gerturatzea gonbidatzen dituzte. Etsaiaren aurrean dago Birunda. Gentrifikazioaren erdi-erdian, begirada zorrotz eta mugimendu finez ari dira auzoa turistifikazioarengandik babestu nahi dutenek.
Birundaren irekiera ez da lokal berri baten albistea edo eskaintza kultural desberdin bat soilik; gentrifikazioari zuzeneko zauria da. Sare sozialen bitartez —Instagram kontua, Telegram kanala eta emaila— plazaratzen dituzte haien ekintza eta ekitaldi nagusiak. Baina bertara gerturatzea da Donostiaren postalaren kontrakoa ikustea. Erresistentzia eta elkarren arteko babesa arnasten dira bertan. Hori bai paradisu bizigarria.