Euskararen aurkako azken sententziaren kontra bozkatu dute EAJk eta EH Bilduk
EAJk eta EH Bilduk babesa eman zioten modu bateratuan osteguneko udalbatzarrean euskararen aurkako azken sententziaren kontrako mozio bati. Hain zuzen ere, duela bi aste, epai batek baliogabetzat jo zuen Udaltzaingoaren lan deialdian euskara eskatzea, eskakizun hori “diskriminatzailea” zelakoan. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk ez zuten mozioa babestu.
Horrela, mozioaren bidez, erakundeei eskatu diete “administrazioarekin euskaraz hitz egin nahi duten donostiarren eskubideak urra ditzakeen eta Donostian euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoak eragin dezakeen erabakirik ez hartzeko”.
Era berean, osoko bilkuran onartutako testuak erakundeei ere eskatzen die errespeta dezatela “udalaren autonomia eta, zehazki, bere eskumena eta bere baliabide eta zerbitzuak antolatu eta egokitzeko betebeharra, Donostiako herritarren beharren arabera”.