Mallorca izango da Realaren aurkaria kopako finalerdietan
Realak badaki zein izango den bere aurkaria Espainiako Kopako finalerdietan: Mallorca. Ostiral eguerdian egin dute zozketa Las Rozasen (Madril, Espainia), eta talde balearra egokitu zaio Realari. Bi partidara jokatuko da kanporaketa: joanekoa Mallorcan eta itzulerakoa Donostian. Kopako finalerdietan aurrez aurre ariko diren lehenengo aldia da. Otsailaren 6an, 7an edo 8an jokatuko dira joaneko partidak, eta 28aren bueltan itzulerakoak.
Beste finalerdian Atletico Madril eta Athletic ariko dira, eta joanekoa Madrilen jokatuko dute eta itzulerakoa Bilbon. Horrela, bi talde euskal herritarrek irabaziz gero, Realak 2021ean irabazitako finala errepikatu daiteke. Finala apirilaren 6an jokatuko da, Sevillako La Cartuja estadioan.