Manteoko lanetan sartu dira hainbat herritar, BCCren bigarren egoitzaren proiektua salatzeko
Hainbat herritar Manteoko lanetan sartu dira, Basque Culinary Centerren bigarren egoitzaren —Gastronomy Open Ecosystem— proiektuaren aurka protestatzeko. Ulia Auzo Elkarteak deituta, Okendo Kultur Etxearen aurrean elkarretaratu dira 50-100 herritar 17:00etan, eta manifestazioan abiatu dira lanen eremura, Parkea bai, Culinary ez! leloa oihukatuz. Izan ere, gogoratu behar da Groseko berdegune bakarra zela Manteo eta Zemoria parkeena, eta aste honetan hasi direla eremu hori eraldatzen, berdegune guztia zuhaitzik gabe utziz.
Horrela, herritarrak hainbat minutuz egon dira lanen eremuan protestaka. Azkenean, Ertzaintza bertaratu da, eta tarte batez herritar batzuekin eztabaidatzen egon ostean, manifestariak eremutik joan dira. Proiektua abiatu zutenetik, horren aurkako protesta ugari egin dira hirian, Uliako auzo elkartea eta SOS Manteo plataforma buru, eta proiektuaren aurkako 7.000 sinadura bildu zituzten.