Metroaren lanek errondo pasealekua moztuko dute hilabete luzez
Zehazki, datorren asteazkenean, hilak 31, 10:00etan itxiko da gasolindegitik Familia Santuaren kaleraino doan tartea, Amara Berri auzoan.
Donostiako metroaren lanek aurrera jarraitzen dute, egungo Lugaritz eta Easo arteko tartea Benta Berritik eta Kontxatik egin dadin etorkizunean. Lanak Antigua, Erdialdea eta Amaratik igaro ondoren, Amara Berrira iritsi dira, eta Errondoko pasealekuko trafikoari eragingo diote bete-betean. Zehazki, datorren asteazkenean, hilak 31, 10:00etan itxiko da gasolindegitik Familia Santuaren kaleraino doan tartea. Easoko geltokia linea berriarekin lotzeko metro batzuk desbideratu beharko da egungo trenbideen trazadura, eta behin-behineko linea bat jarri beharko dute datozen hilabeteetan bertatik igarotzen diren trenentzat, zerbitzua eten ez dadin.
Desbideraketak
Bide alternatiboa sortzeko lanek Errondoko pasealekuaren 100 metro hartuko dituzte. Hori horrela, itxita egongo da ibilgailuen eta oinezkoentzat, eta Amaratik Anoetarako noranzkoan igarotzen direnek aldameneko Jose Maria Salaberria kalea hartu beharko dute —kale honen noranzkoa aldatu egingo da—. Nolanahi ere, bertatik igarotzen direnek metro batzuk aurrerago berreskuratu ahal izango dute Errondo pasealekua. Horretarako Familia santua kalea hartuko dute, Morlans auzoaren sarrerarantz, eta lehen biribilgunean buelta eman, Errondo pasealekuan sartzeko.
Hilabeteetako lanak
Aurreikuspenen arabera, gunea itxita egongo da urtearen amaierara arte, lanek hogei hilabeteko iraupena duten arren, orotara. Bien bitartean, trafikoan izango duen eragina kontuan hartuta, kamioien joan etorriak etengo dituzte Amara Berri eskolako haurren sarrera eta irteera orduetan.