200 zuhaitz gehiago Auditz Akularren
Haritzaldek eta IRUTXULOKO HITZAk antolatuta, 50 bat lagun elkartu dira goizean Altzako Tomasenea parkean zuhaitz landaketa egiteko.
Altzako Auditz Akular eremuak 200 zuhaitz gehiago ditu orain. Izan ere, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta IRUTXULOKO HITZAk zuhaitz landaketa bat antolatu dute han igande goizean, eta 50-60 lagun elkartu dira, haurrak zein helduak, zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko, eguraldia lagun eta giro ederrean.
11:00etan elkartu dira Tomasenea parkean, eta Haritzaldeko kideen azalpenak adi-adi entzun ostean, aitzurrak, palak eta zuhaitz aldaxkak hartu eta inguruko belardi eta maldetara abiatu dira, handik zebiltzan pottoken begiradapean eremua zuhaitzez betetzeko. “Oso eremu zabala da, eta ikusten genuen zuhaitz gutxiegi zeudela eta aprobetxatu behar zela naturagune hau indartzeko”, azaldu du Haritzaldeko Jon Leozek. Horrela, elorriak, haritzak, sagarminak, lizarrak eta haltzak landatzen aritu dira, eta ernamuindutako hainbat hazi ere bota dituzte zenbait eremutan, “basotxoak sortu daitezen”. Haritzaldek esperientzia handia dauka halako egitasmoetan, 30 urtetik gora baitaramatza ingurumenaren aldeko borrokan, eta antolatzen dituzten jarduera ohikoenen artean daude zuhaitz landaketak, 1997an lehenengoa Mendizorrotzen egin zutenetik. Ordutik, 7.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte, Donostian zein Donostiatik kanpo.
Mota desberdinetako zuhaitzak eta zuhaixkak landatu izanaren garrantzia nabarmendu du Leozek: “Argi izan behar dugu biodibertsitatea oso garrantzitsua dela, eta horretarako, mota desberdinetako zuhaitzak landatu behar dira. Horrela, faunarentzako bizitokia ere sortuko da, besteak beste”. Era berean, haritzen moduko zuhaitz handiez gain, elorriak eta halako zuhaixkak ere landatu dituzte, eta hori egiteko arrazoia argi azaldu du Haritzaldekoak: “Jendea kontzientziatu nahi dugu, batez ere etorri diren haur eta gaztetxo hauek guztiak, jakin dezaten benetan zer den natura. Askotan esaten da sasia zikina dela, baina ez da hala, horrelakoa da natura. Horregatik, hain zuzen ere, zuhaitzez gain, elorriak ere ekarri ditugu, benetako baso bat sortu dadin, zuhaitzekin, sasiekin, eta abarrekin. Landare horiek guztiek bizia ematen diote guneari berari, eta baita txoritxoei, saguei, eta abar”.
Pare bat orduz zuhaitzak landatzen aritu ostean, ondo merezitako hamaiketakoa egitera joan dira parte hartzaileak, Juantxo eta Elizondo tabernetako kroketa eta tortilla goxoekin indarberritzeko. Egindako lanarekin harro eta pozik zeuden parte hartzaileak hamaiketakoan, hil baino lehen hiru gauza egin behar direla baitio esamolde ezagun batek: haur bat eduki, liburu bat idatzi eta zuhaitz bat landatu. Lehenengo biak beste egun baterako utziko ditugu, baina gutxienez hirugarrena bete dute gaurko egitasmoan parte hartu duten herritarrek. Eta harro egon daitezke, etorkizuneko Auditz Akularren, aurretik eremua urbanizatzen ez badute, beraiek sortutako baso bat egongo baita.
Berdeguneen defentsan
Haritzalderen balio nagusiak naturzaletasuna, ekologismoa eta biodibertsitatearen defentsa dira, eta balio horiekin bat egiten du IRUTXULOKO HITZAk. Gainera, gaur egun bereziki garrantzitsua da hirietako berdeguneak eta naturaguneak babestea, larrialdi klimatikoan murgilduta baitago mundua, eta ezinbestekoa da hiriak bizigarriago bihurtzea eta biodibertsitatea babestea. Aldiz, Donostiako hiri proiektu asko ez doaz bide horretatik, eta horren erakusgarri da berriki Manteoko zuhaitz guztiak bota izana, bertan Basque Culinary Centerren bigarren egoitza eraikitzeko.
Naturaguneak babestea ezinbestekotzat jotzen du hedabide honek, eta ildo horri jarraiki antolatu du gaurko egitasmoa. Auditz Akular, gainera, Donostiako gerriko berdearen parte da, eta udalak 792.613 metro koadroko landa eremu hori urbanizatzeko asmoa dauka, Odon Elorza alkate zen garaitik. Hiri antolamenduko plan orokor berriaren aurrerakinean, hain zuzen ere, eremu horretan 3.007 etxebizitza eraikitzeko proiektua jaso dute, eta bertan parke teknologiko bat egiteko aukera ere mahai gaineratu du azken hilabeteotan Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak. Ordea, naturagunea dagoen moduan uzteko edo herritarrek erabili ahalko duten parke bat sortzeko aukera ez da planteatu ere egiten. “Guk udalaren asmoei aurre hartu nahi diegu eta inguru hau babestu, aldarrikatzeko horrek naturagune bat izan behar duela. Dagoen moduan utzi behar da, edo, baita ere, Altza XXI elkartekoek dioten moduan, Ametzagainaren antzeko parke bat egin daiteke, paseatzeko, bizikletan ibiltzeko, eta abar. Baina, batez ere, naturagune bat izan behar da”, nabarmendu du Leozek.
Altzan, gainera, oso beharrezkoa da Auditz Akularren moduko berdegune bat, hiriko auzo populatuenetako bat baita, eta oso espazio libre gutxi ditu. Hain justu, Altza XXI elkarteak eskatuta, Marko Sierra ingeniari agronomoak auzoko espazio libre eta berdeak aztertu ditu berriki, eta ikerketaren ondorioa oso adierazgarria da: Altzan 1,78 metro koadro berdegune daude biztanleko, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 10-15 metro koadro berdegune gomendatzen ditu biztanleko. Horregatik, Auditz Akularren etxebizitzak eraikitzearen aurka borrokatzen ari dira hainbat herritar eta eragile, Altza XXI buru.
Horrela, Auditz Akularreko naturagunea babestearen eta inguruko biodibertsitatea indartzearen aldeko beste pauso bat eman dute gaurkoan Haritzaldek, IRUTXULOKO HITZAk eta landaketan parte hartu duten herritarrek, hiri bizigarriago baten alde.