Isabel Azkarate fotokazetariaren 'Arte eta parte' obra ikusgai dago San Telmo museoan
San Telmo Museoak bat egin du Isabel Azkarate argazkilari donostiarraren lanari egiten ari zaion aitortzarekin, eta urtarrilaren 27tik maiatzaren 5era arte Isabel Azkarate. Arte eta parte obra ikusgai dago. Museoko erakusketa honetarako sarrera doakoa izango da, asteartetik igandera, 10:00etatik 19:00tara —apirilaren 1etik aurrera ordutegia 10:00etatik 20:00tara aldatuko da—.
Erakusketa hau hiru serie tematikoz osatuta dago, eta gizakiak artearekin duen lotura estua da hirurak lotzen dituen ildo nagusia. Lehen serieko erretratuetan, euskal kulturan oso esanguratsuak diren artisten espiritu sortzailea nabarmentzen da. Publikoaren eta artelanen arteko elkarreragina da bigarren seriearen oinarria eta hirugarren seriea, New Yorken ateratako argazkiak dira, 80ko hamarkadakoak.
Kutxa Fundazioak Isabel Azkarateri buruzko atzerabegirako erakusketa antolatu du Donostiako Tabakaleran, Artegunea aretoan, 2023ko abenduaren 2tik 2024ko otsailaren 25era bitarte, eta bertan, 1978 eta 2006 bitartean ateratako ia hirurehun negatiboren kopiak daude ikusgai. San Telmo museoko erakusketa hau aurrekoaren osagarri da.
IRUTXUKO HITZAk bere obrari buruzko elkarrizketa egin zion Azkarateri abenduan eta esteka honetan duzue ikusgai.