LGBTI kolektiboko eskaerak eta diskriminazioak jasotzen dituen ikerketa egin du udalak
Donostiako Udaleko Dibertsitate, Inklusio eta Berdintasuneko zinegotzi Cristina Lagek eta Zaira Garcia Dafontek LGBTI kolektiboen errealitateei buruzko txostena aurkeztu dute gaur goizean, udaletxean. Txostenaren helburua hirian bizi diren kolektiboko kideen askotariko eremuetako diskriminazioak, eskaerak eta premiak identifikatzea da. Txostenari amaiera emateko, Garciak gomendio zehatzak iradokitzen ditu, besteak beste: politika sendoak garatzea eta langile publikoak prestatzea eta kontzientziatzea.
Cristina Lagek txosten hau “kolektiboari, familiei eta herritarrei zuzendutako udal politikak diseinatzeko tresna baliagarria” dela adierazi du. Garciak diseinatutako ikerketa hau burutzeko inkesta elektroniko, elkarrizketa eta partaidetzako kontraste saioez baliotu da. 301 bat lagunek erantzun zituzten inkesta elektronikoko galderei eta ikerlariak horietatik 254 balioztatu zituen. Berdindu, EHGAM, Eihera, Gehitu eta Loratuz Lotu eragileekin saio kolektiboak egin ditu eta hiru talde desberdinekin elkarrizketak egin ditu: udaleko langileak, kolektibokoak diren 65 urtetik gorakoak eta hamalau urte baino gutxiago duten familia kideak.
Txostenean ageri diren datuen arabera, galdeketan alderdi hauek kontuan hartu dira: laneko egoera, diru sarrerak, intersekzionalitate egoera, ikasketak, jatorria, aisialdia, hezkuntza, lana, segurtasuna, osasuna, gizarte ongizatea, kultura eta kirola. Datuak eta ateratako ondorioak aintzat hartuta emakume gazte eta lesbianek, eta genero ez normatiboa duten pertsonek, soldata baxuagoak eta prekarioagoak dituztela ondorioztatzen da. Halaber, gehienek ez dituztela beste pertsona batzuk ekonomikoki zaintzen eta hori familia nuklearren kontzeptutik kanpo egotearekin lotuta dagoela aitortzen da baita ere ikerketan. Datuen arabera, hegemoniatik kanpo bizi den eta identitate ez normatiboetara gehien hurbiltzen den kolektiboa gazteena da.
Diskriminazioak eta beharrak
Diskriminazioaren ardatz intersekzionalei dagokienez, profilik ohikoena egoera erregularrean dauden atzerritar gayak eta desgaitasun egoeran dauden pertsonak dira, “gainerakoek baino mespretxuzko diskriminazio gehiago —hitzezkoak eta fisikoak —” jaso dituztelako.
Inkestatuen %76,6 diskriminazio egoera jasan duela adierazi du eta %23,6, berriz, ez duela inoiz horrelako egoerarik bizi izan aitortu du. Diskriminazioak trans pertsonek eta identitate ez normatiboek pairatzen dituzte gehien eta “irainak eremu publikoan eta aisialdiko tokietan” izaten dela nabarmendu du Lagek.
Datuen hauen aurrean, inkestaren ondorioetako bat hezkuntza eremuan “lanketa sakona” egin behar dela da eta aisialdian, eremu seguruak sortu behar direla.
Eskera zehatzak eta gomendioak
Garciak txostenean eskaera zehatzak aurkeztu ditu: hezkuntzan sentsibilizazioa indartu, ikerketa sustatu, politika publikoak indartu, eremu seguruak sortu, profesionalak prestatu, erreferenteak bultzatu, zerbitzuak garatu eta LGBTI kolektiboko errealitateak normalizatu.
Azkenik, ikerketan gomendio zehatzak aurkeztu ditu Garciak; besteak beste, zeharkako politika publiko sendoa garatzea, langile publikoak sexu eta genero dibertsitatean informatzea eta prestatzea, herritar guztiei bideratutako kanpainak egitea, erreferentziazko espazio edo zerbitzuak sortzea eta kolektiboko eragile antolatuen eta udaleko arduradunen arteko lankidetza indartzea.