Hamabost eguneko elkarretaratzeak Zinema7ko langileen kaleratzeak salatzeko
Zinema7 hoteleko langileek eta sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizeko lehen orduan hoteleko sarreran, zazpi langileren kaleratzeak salatzeko. Pasa den ostiraletik, urtarrilaren 26a, hamabost eguneko elkarretaratzeak eta lanuzteak egiten ari dituzte, ELAk, CCOOk eta LABek osatutako Zinema7 hoteleko enpresa batzordeak deituta.
SADEk, gaur egun Zinema7 hotela eta Lasala Plaza hotela zuzentzen dituenak, urtarrilaren 23an jakinarazi zien jatetxe eta kafetegi saileko hamahiru langileri lanpostua amortizatu zitzaiela. Erabaki horrek Zinema7 hotelean zazpi langileri eragin die. “Egun batetik besterako kaleratzeak” izaten ari direla eta langileek “zuzenean kaleratzea sinatzeko deia” jaso dutela salatu du Urtzi Vazquezek, hoteleko sukaldaria eta CCOO sindikatuko kideak.
Egungo kafetegia eta jatetxe zerbitzua kanpo faktoreetara eta faktore orokorretara zein ziurgabetasun egoera berrietara egokitzeko beharra defendatzen du enpresak. Ana Maria Gonzalez Reyesek, jatetxeko eta jantokiko zerbitzaria eta LABen eskutik batzordekideak, enpresak “babesik ez duten pertsonak kaleratu” dituela salatu du; izan ere, “sindikatuetan dauden langileak” ez dituztela kaleratu argitu du.
Alfreda Nicoleta Stan LAB sindikatuko kidea eta pisuko zerbitzariak, hotela “inoiz baino hobeto funtzionatzen” zegoela adierazi du eta “langileen eskubideen defentsan” egunero protestan egongo direla defendatu du.
Auzo babesa
Egunero hoteleko kafetegira joaten zirenak bertara gerturatzeari utzi diote. “Hainbat auzotarrek haien babesa” eskaini dietela nabarmendu du CCOOko kideak.
Horregatik guztiagatik, sindikatuek enpresari bilera bat eskaini zioten biharko, osteguna, eta ez dutela “erantzunik jaso” salatu dute, “enpresak ez zuelako beste aukeraren batean interesik” eta batzordetik ezin izan dutela beste proposamenik aurkeztu adierazi dute.