Osasuna
Bihartik maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango ospitale eta anbulatorioetan
Bihartik aurrera, maskara ez da derrigorrez erabili beharko osasun zentroetan, anbulatorioetan eta ospitaleetan. Gripearen kutsatzeak, COVID eta biriketako beste gaitz batzuk barne hartzen dituen Arnas Infekzio Akutuaren azken txostenaren araberako datuek, bigarren astez jarraian gaixotasun horien intzidentziak behera egin dutela adierazten dute; beraz, Osasun Sailak murriztu egingo du maskararen nahitaezko erabilera.
Adin tarteen arabera, tasek behera egin dute 15 urtetik gorakoen kasuan. Aldiz, gora egin dute gainerako kasuetan; izan ere, 0 eta 4 urte arteko taldeak izan du tasarik handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu. Osakidetzako ospitale sarean Arnas Infekzio Akutu larrien tasak behera egin du, aurreko asteko 100.000 biztanleko 21,1 kasutik azken aste honetako 15,9 kasura. Aurreko asteko tasen aldean izan den jaitsiera adin-tarte guztietan gertatu da, eta oraindik ere 64 urtetik gorako pertsonek dute tasarik handiena.
Horregatik guztiagatik, Osasun Sailak maskara erabiltzen jarraitzeko gomendioa azpimarratu du berriro ere, eta kutsatzeko arrisku handiena dagoen leku eta egoera guztietan gomendatutako prebentzio neurriak gogorarazi ditu.