Antiguako erasoak gaitzetsi ditu udalak adierazpen instituzional baten bidez
Antiguako jaietan izan diren sexu erasoen aurrean, Donostiako Udaleko alderdi politiko guztiek adierazpen instituzional bateratua sinatu dute. Adierazpen horren bidez, udalak nabarmendu du “erabateko irmotasunez” gaitzesten duela Antiguako festa gunean gizon kuadrilla batek hainbat neskei gauzatutako jazarpenak. “Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da”, salatu du udalak.
Era berean, “babesa eta elkartasuna” adierazi dizkiete eraso “tamalgarri” honen biktimei, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazi die laguntza behar eta nahi izanez gero udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.
Horrela, bada, udalak erabat gaitzetsi du gertaturikoa: “Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiz gaitzesten ditu”. Udalaren arabera, ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, “balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde”. Eta baita sexuen hezkuntza lantzea ere, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. “Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”, esan du.
Amaitzeko, Donostiako Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten duela adierazi du.