Erraldoien itzalpean burua makurtu gabe
Añargik, Añorgako komunitate energetikoak, eguzki plakak jarri ditu Ikastolen Elkartearen teilatuan, energia berriztagarrien kontsumoa martxan jartzeko. Proiektua, baina, eten egin behar izan dute, Iberdrola energia enpresak jarritako oztopoak direla eta.

Añorgan burujabetza energetikoa indartzearen aldeko apustua egin zuten orain dela hiru urte, eta komunitate energetiko propioa indartzeko, Añargi Kooperatiba sortu zuten iaz. Kide bakoitzaren energia kontsumoa murriztu ostean, tokian tokiko energia berriztagarriak sortu eta horiek kontsumitzea dute helburu. Hori horrela, eguzki plakak jarri dituzte Errekalden kokatuta dagoen Ikastolen Elkartearen egoitzako teilatuan. «76 dira orotara, baina momentuz, ezin dugu aurrera jarraitu» azaldu du kooperatibako kide den Mikel Alkortak.
Kooperatibako kideek salatu dutenez, Iberdrola da egun duten oztopo bakarra, egitasmoarekin aurrera egiteko. Izan ere, inguruko hornitzaile bakarra da enpresa energetikoa, eta beraiek zehaztu behar dute eguzki plakentzako beharrezkoa den kontadorea non eta nola jarri: «Beraien eskuetan ez dagoen hori ez zaie interesatzen, eta trabak baino ez dituzte jartzen. Txostena atzera bota digute eta guretzako premiazkoa da lehenbailehen proiektua martxan izatea», azaldu du Juanmi Galatas kideak. «Unean bertan konpondu daitekeen akats txiki bat» izanda ere, txostena erantzuteko bi hilabete ditu enpresa energetikoak, eta orain, berriz ere hasi behar dute prozesua, hurrengoan onartuko duten ala ez jakin gabe.
Kooperatiba osatzen duten kideentzat, baina, premiazkoa da proiektua lehenbailehen abiatzea, plaketan jarri duten lana eta inbertsioa dela eta. Añorgako Gisat enpresak egindako instalazioak 50.000 euroko kostua izan du, eta erdia baino gehiago foru aldundiaren diru laguntza baten bitartez ordaindu dute: «Goienerren laguntza ere jaso dugu, baina udalak, momentuz, ez du laguntzarik jarri», zehaztu du Alkortak.
«Iberdrola enpresakoei, beraien eskuetan ez dagoen hori ez zaie interesatzen, eta trabak baino ez dituzte jartzen»
Juanmi Galatas, Añargi Kooperatibako kidea
Jakin badakite, ordea, eurena ez dela Iberdrolak atzeratzen duen lehen kasua, «Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko herri askotan» ere hilabete luzez atzeratu baitira instalazio mordoa. «Kooperatiba energetiko batzuk bildu eta salaketa jarri dutela badakigu, baina gurea oso txikia da horrelakoetan hasteko», azaldu du Alkortak. Gauzak horrela, udalera jo dute laguntza eske, «baina momentuz, badirudi ez dagoela ezer egiterik».
Ikastolen Elkartea añorgatarrekin
Ikastolen Elkarteak Añorgako bizilagunen proiektu energetikoarekin bat egin du, eta teilatuan lortutako energia kantitatea kooperatibako bizilagunen eta eraikineko beharren artean banatuko dute: «Oraindik zehazteke dagoen arren, astean zehar sortzen denaren %70 Ikastolen Elkarterako izango litzateke, eta gainerako %30 bazkideentzako. Asteburuan, ordea, alderantziz», azaldu du Oier Etxebarria Goiener kooperatibako kideak.
Ikastolen egoitzako teilatuko proiektuarekin pozik agertu diren arren, nahi baino eguzki plaka gutxiago jarri behar izan dituztela onartu dute kooperatibako kideek: «Oso orientazio ona du lekuak, baina gure erronka bakarra teilatuaren inklinazioa izan da, iparraldera kokatua dagoelako». Hori horrela, eta eguzki izpien kantitatea neurtzeko ikerketa plan baten ondoren, eguzki plaken arteko distantzia handitu dute, elkarri sortzen zioten itzala ekidin eta ahalik eta energia gehien eskuratzeko: «Ahalik eta espazio gehien aprobetxatzen saiatu gara inklinazioarekin jokatuz eta itzala uneoro saihestuz», azaldu du Maikel Batuecas teknikariak. Dena dela, egungo beharretarako nahikoa dutela baieztatu dute, eta ez dute baztertzen proiektuarentzat espazio gehiago gehitzea etorkizun laburrean.
«Eskaintzak izan ditugu Aietetik eta Ibaetatik, sartu nahi zutela esanez, baina ulertzen dugu tokian tokikoa kontsumitu behar dugula»
Mikel Alkorta, Añargi kooperatibako kidea
Komunitate sena indartzen
Añargiko kooperatiban 61 bazkide dira, eta bakoitzak 100 euroko gutxieneko diru sarrera jarri du, bazkide izateko. Oraindik, baina, kide berriak sartuko direlakoan daude: «Gure kooperatiba irekita dago eta tartea dugu etorri nahi duen ororentzat», adierazi du Alkortak. Hala, ordaindu beharreko gutxienekoaz gain, Añorga auzokoa izatea da baldintza bakarra: «Eskaintzak izan ditugu Aietetik eta Ibaetatik, sartu nahi zutela esanez, eta berez egin daiteke, sortu den puntutik bi kilometrora zabaldu daitekeelako proiektua, baina ulertzen dugu tokian tokikoa kontsumitu behar dugula, eta burujabe izateko hemengo komunitate sendo bat dugula», azaldu du Alkortak.
Gauzak horrela, añorgatarrek gutxienekoa ordaindu ondoren, jartzen duten ekarpen ekonomikoaren araberakoa jasoko dute, datuak biltzerakoan egingo duten «baremazio baten bitartez», azaldu du Galatasek: «Nolanahi ere, hemen ez gaude aberasteko, eta Añorgan pobrezia energetikoa pairatzen dutenen beharrei erantzutea da gure beste helburuetako bat», gaineratu du.
Besteentzako eredu
Añargi eta Goiener kooperatibetako kideak biltzeaz gain, Igeldoko, Amara Berriko eta Pasaiako bizilagun elkarteetako kideak ere bertaratu ziren pasa den astean egindako aukezpenera.
Igeldon, esaterako, lau eraikinetan eguzki plakak ezartzeko asmoa dute, baina oraindik urrun ikusten dute proiektua, udalak jarri ditzakeen trabak direla eta: «Guk nahi ditugun eraikinak publikoak direnez, lehiaketara aterako lukete proiektua eta horrek ere atzeratuko luke dena», azaldu dute.