Etxetxo bat, horrela ta horrela
Nik daukat etxetxo bat, horrela ta horrela. Atea jotzen dut, horrela ta horrela. Ta leihoak ireki, horrela ta horrela. Ta tximiniatik kea irteten da. Haurrentzako abesti bat da, eta zenbat eta ozenago abestu, orduan eta etxe handiagoa irudikatu behar da eskuekin. Baina gauzak nola diren, batzuek kanta hori normaltasun osoz abesteko zortea dugun bitartean, bada jendea Donostian eta mundu zabalean, «nik daukat etxetxo bat» esan ezin duena. Etxerik ez duelako, edo bere etxea behera bota duelako bonba batek, adibidez.
Eta tximiniatik kea irteten da, baina ez etxeko egongelako sutondoan bero-bero familia zoriontsu bat dagoelako, baizik eta badelako jendea hori horrela izan ez dadin tematzen dena, biolentzia erabiliz. Eta bestela, galdetu diezaietela Palestinako, Ukrainako, Siriako, Irango edo Yemengo herritarrei, garai batean leihoak horrela eta horrela ireki eta gerrarik ez ikusteak zer prezio zeukan.

