Hainbat eragilek Bulebarrean egin dute ekitaldia Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna den honetan, lehen aldiz hainbat eragile elkartu dira eta haien elkartasuna adierazi dute antolatu duten ekitaldi batean. Izan Iñurri, Agadelprise, Minbiziaren Aurka Gipuzkoa, Aspanogi eta Asgicer elkarteek parte hartu dute eta elkarte guztien helburua ikusgarritasuna lortzea eta elkarteen babesa behar dutenei “eskua luzatzea” izan da. Halaber, Eneko Goia Alkatea eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua izan dira bertan.
Elkarte onkologiko bakoitzak bere eskua horma irudi batean nola margotzen zuen ikusi ahal izan da, bertan elkarte guztien logoak eta telefono zenbakiak jarrita. “Ahalik eta jende gehiagorengana ailegatzea” dela helburu nagusia azpimarratu dute elkarteek, beharrezko duten pazienteek, haien senideek eta hurbilekoek “nora joan edo zein telefonotara deitu behar den” jakin dezaten.
Izan ere, minbizia munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena da eta 2030erako 21,6 milioi kasu berri izango direla kalkulatzen da. Espainiako estatuan, 2030erako 330.000 minbizi kasu berri baino gehiago izatea aurreikusten da, 160.000 baino gehiago EAEn eta 5.000 baino gehiago Gipuzkoan. Minbiziaren behatokiaren araberako datuek, hiru emakumetik batek eta bi gizonetatik batek, minbizia izango dutela bere bizitzan zehar diote. Gainera, minbizia duten lau emakumetik batek besoan linfedema—ehunetan eta zelula artean pilatzen den linfa horrek pixkanaka handitzen doan edema izaten du ondorio— bat garatuko duela aurreikusten da.
Horregatik, elkarte hauek paziente onkologikoen eta haien senideen bizi kalitatea hobetzea dute helburu nagusia. Honakoa da elkarteekin harremanetan jartzeko beharrezko informazioa:
Izan Iñurri: minbiziaren alde lan egiten du elkarteak, ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik. Laguntza aske eta aktiboa eskaintzen du, judizio ezetik eta zeharkako perspektibatik abiatuta. 613 44 82 68.
Agadelprise: Linfedema Primario, Sekundarioko eta Lipedemako gaixoen bizi kalitatea hobetzea bilatzen du. 601 98 25 84.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoa: psiko-onkologia, gizarte lana, prebentzio psikologikoa, elikadura, erizaintza, ariketa fisikoa eta boluntariotza elkartzen ditu. 943 24 56 20.
Aspanogi: Gipuzkoako minbizia duten adingabeen familien elkartea da. Arreta psikosoziala, zaintzen dituen pertsonak zaintzeko zerbitzuak, berdinen arteko esperientziak trukatzea eta sentsibilizazio eta kontzientziazioa ezinbesteko zutabeak dira. 943 24 56 20.
Asgice: prebentzioa eta arreta psikologiko eta soziala pazienteentzat eta senideentzat. Ikerkuntzan aritzeko baliabideak eskuratzen ari dira. 943 35 97 60.
Ekitaldiko argazkiak: