Pelax, Indabe, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up, Katapultaren bederatzigarren edizioan
Gipuzkoako Aldundiaren Katapulta programak edizio berriaren hautatuak aurkeztu ditu gaur goizean. 121 egitasmo musikal eta arte eszenikoetako 28 proiektu jaso ditu epaimahaiak aurten, baina zortzi baino ez dira hautatuak izan horien artean. Sailkatuen erdia, ordea, donostiarrak edo donostiarrez osatuak: Pelax, Indabe, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up.
Programaren izenak berak adierazten duen moduan, Katapultak sailkatutako zortzi taldeen ibilbide profesionala hauspotzea du helburu. Hori horrela, zuzeneko emanaldiak egiteko aukera eskaintzeaz gain, hautatuei formakuntzarako eta entsegurako baliabideak ematen zaizkie, baita 400 euro eta promozio bideo bat ere.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak aurkezpenean nabarmendu duenez, mota horretako ekimenek garrantzia handia dute lurraldeko artistak ibilbide profesionalean. Era berean, beren musika eta arte proiektuak hedatzeko dira baliagarri dira hein handi batean: “Garrantzitsua da gazteei laguntzea, eta lurraldean dugun tokiko talentua sustatzea. Tinko sinesten dugu kulturak eta arteek gure gizartea aberasteko eta gipuzkoar eszenaren bizitasunari laguntzeko duten boterean”.
Aurten, berrikuntza gisa, deialdira aurkeztutako talde guztiei komunikaziorako eta promoziorako doako formakuntza eskaini zaie, baita eszenografia, produkzioa, ekonomia eta fiskalitateari buruzko informazioa ere.