Parte Zaharrean, Kresalako inude eta artzaiek hartu dute jaien lekukoa
Bart kaldereroak izan ziren Parte Zaharreko festaren jaun eta jabe. Gaur, berriz, Kresalako inude eta artzainen txanda izan da.
Inudeen panpinak gora eta behera ibili dira eguerditik aurrera Parte Zaharrean. Kresala elkarteko Artzain eta Inudeen Konpainiak elkartean bertan abiatu du kalejira, eta Bulebarra zeharkatu ondoren, bidea egin du, berriz ere, auzoko kale estuetan barrena. Ibilbidean, Raimundo Sarriegiren kantak dantzatu dituzte danbor hotsen artean. Era berean, kontradantza, zortzikoa, fandangoa eta arin arina, dantzatu dituzte ibilbidearen hainbat uneetan. Horietako batzuk, Plaza Berrian izan dira, ehunka lagunen begiradapean. Inudeek antzezpena egin dute, medikuari bisita eginaz, haurrak ondo zeudela ziurtatzeko. Lehen txertoa ere jarri diete haur txikiei, apaizak bedeinkatu egin ditu eta erizainek biberoia eman ostean, idazkariak haien izenak jaso ditu liburu batean.
Orotara, 200 lagun inguruk hartu dute parte goizeko desfilean. Inude eta artzainen 32 bikoteez gain, segizioan izan dituzte 35 danbor eta 50 upel, eta baita garaiko pertsonaiak ere: alkatea eta bere emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, mikeleteak, serenoa, pirularia, eta globo saltzailea, besteak beste. Nolanahi ere, elkarte kanpotik ere jende mordoa gehitu da festara. Kalejiran izan dira asko, beste batzuk, ordea, nahiago izan dute ikusle gisa gozatu.
Jarraian dituzue goizeko irudiak: