26 konpartsek girotuko dituzte Donostiako inauteriak
Otsailaren 8an hasi eta hilaren 24an amaituko dira aurtengo inauteriak Donostian.
Ostegun Gizen egunean, hilaren 8an, hasiko dira inauteriak Donostian, eta otsailaren 24ra arte, egitarau zabala prestatu du Donostia Festakek. Betiko legez, Momo Jainkosa eta bere segizioa Plaza Berrira iritsiko dira ostegun arratsaldean, 18:30ean. Aurten, Showtime konpartsako Mabel Vidal Sastre izango da Momo Jainkosa, eta konpartsako kide Lydia Simon, Joseba Vergara eta Irati Nuñez izango dira segizioa. Plaza Berritik Parte Zaharra eta Erdialdeko kaleetatik ibiliko dira, Maria Cristina Hotelera iritsi arte. Bertan, hiriko giltzak jasoko dituzte. Jarraian, udaletxera joango dira, udal batzar aretoan Inauteri Hasierako Festa Beldurgarria! ospatzera.
Konpartsa tradizionalak inauterien hasieraren protagonista izango dira. Zubietako Joaldunak Parte Zaharretik ibiliko dira ostegunean arratsaldean, eta Momo Jainkosari eta bere segizioari ongietorria egingo diete. Ostegunean arratsaldean bertan, Orixe ikastolako kideak Parte Zaharretik ibiliko dira, eta Eskola eta Goizaldi dantza taldeek emanaldia eskainiko dute Plaza Berrian, 20:00etan.
Otsailaren 9an, Ostiral Mehe egunean, Los Bebes de la Bulla eta Union Artesanaren Lanpernen konpartsek Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak alaituko dituzte. Bi konpartsek irteera egingo dute larunbatean arratsaldean ere.
Otsailaren 10ean, larunbatean, 12:30ean Gero Axular Dantza Taldearen eskutik Intxixu Euskal Inauteria ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Gero Axularrek emanaldia eskainiko du 13:00ean Plaza Berrian. Arratsaldean, Lanpernen eta Los Bebes de la Bulla konpartsez gain, Eskolako Lorazainen, Gaztediko Oilarren, Gaztelubideren Fanfarrearen, R.C.Tenisaren danborradaren, eta Amarakalderen kaldereroen konpartsak ikusteko aukera egongo da. Guztiak Plaza Berritik pasatuko dira 20:00etatik aurrera.
Oilarren, Lorazainen eta Los Bebes de la Bulla konpartsak igande goizean ere aterako dira, eta Parte Zaharreko kaleetatik Eusko-Ttish konpartsa ikusteko aukera ere izango da.
Konpartsen aurkezpena
Donostiako inauterietako konpartsen aurkezpena ostiralean egingo dute, hilaren 9an, 21:00etan. 26 konpartsen aurkezpenak egingo dituzte, eta Inauterietako Jantzien Diseinuen V. Saria banatuko dute. Gaur jarri dituzte salgai ekitaldi horretarako sarrerak Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan, 3 euroren truke.
Larunbatean, Erdialdeko kaleetatik egingo den lehen desfilearen aurretik, goizean konpartsetako kideak Okendo plazara joango dira Momo Jainkosari eta bere segizioari Goiztiriak abestera. Kalejira 11:00etan hasiko da Zuloaga plazan eta 11:30ean iritsiko da Okendo plazara. Bertan Momo Jainkosa, bere segizioa eta partaide guztiak Plaza Berrira joango dira. Han Eneko Goia alkateak aginte makila emango dio Momo Jainkosari.
Arratsaldean, 17:00ean hasita, 26 konpartsak Erdialdean ibiliko dira ohiko desfilean. Desfilea igandean errepikatuko da, 17:00etan hasita.
Konpartsen emanaldiek astelehenean izango dute jarraipena Katalunia plazan. 19:00etan konpartsek emanaldia eskainiko dute, eta bertan, konpartsa bakoitza hiru minutuz arituko da. Otsailaren 17an eta 18an hainbat auzotan ibiliko dira konpartsak, eta bi hitzordu nagusi izango dituzte: lehena, otsailaren 17an, larunbatean, Loiolako Erriberan, 17:00etan; eta bigarrena, igandean, otsailaren 18an, 11:00etan Altzan urtero ospatzen den Eltze festan.
Esteka honetan ikus dezakezue inauteritako programazioa osorik.