Gazte bat epaituko dute Palestinari elkartasuna adierazteko Donostian egin zuten mobilizazio bategatik
GKSk elkarretaratzera deitu du asteazkenean, Donostiako epaitegiaren aurrean.
Palestinako herriaren alde egindako mobilizazio baten harira, asteazken honetan pertsona batek deklaratu beharko du Donostiako epaitegian. Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistaren arabera, gutxienez 14.000 eurokoa izan daiteke auzipetuaren kontrako zigor ekonomikoa.
Gaztea asteazkenean dago deituta deklaratzera, eta GKSk elkarretaratzera deitu du epaitegiaren aurrean, 11:30ean. Babesa emango diote auzipetutako kideari, eta “errepresioaren kontra eta askatasun politikoen defentsan” bilduko dira.
Azaroaren 3an Donostian egindako mobilizazio baten harira auzipetu zuten gaztea. Egun horretan, GKSk antolatuta, protesta bat egin zuten PSOEren egoitzaren aurrean. Palestinari elkartasuna adierazi zioten eta Israel palestinarren kontra egiten ari den genozidioa salatu zuten, baita Espainiako Gobernua seinalatu ere, “sionisten konplize” modura. GKSren arabera, Ertzaintzak babestu zuen PSOEren egoitza, eta “gogor oldartu zen” manifestarien kontra.