Irekita dago 21. Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahairako izen emate epea
Donostiako 21. Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahairako izen emate epea irekita dago, gaurtik hasita martxoaren 15era arte. Behar izatekotan, zozketa egingo dugu martxoaren 19an. Halaber, epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen du.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia —Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoaren eta Donostia Kulturaren bitartez— apirilaren 12tik 19ra izango da, eta Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean proiektatuko dira filmak.
Edizio honetan 18 eta 30 urte bitarteko 150 gazte inguruk osatuko dute. Beraiek erabakitzen dute nor izango den Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea. Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Victoria Eugenia Antzerkira joan beharko dute apirilaren 11an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 19:00etako saioen %80ra joan beharko dira.
Ikastetxeei zuzendutakoak
Gaurtik aurrera ikastetxeek izena eman dezakete Zinemaldiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Kurrin, Dounia eta Alepoko printzesa eta 20.000 especies de abejas pelikulen eskaintza luzatzen da.
Proiekzioak Antzoki Zaharrean izango dira, apirilaren 8tik 19ra goizeko 10:00etan, eta eskaintza doakoa da udaleko webgunearen bidez eman dezakete ikastetxeek izena martxoaren 15era arte.
Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan “sentsibilizatzea eta kontzientziatzea” da helburua.
Kontzientzia kritikoa
Zinemaldiak webgunean aurkeztu duen moduan, “Donostian inoiz ikusi ez diren” gai sozialak jorratzen dituzte filmek; izan ere, batzuk, nazioarteko jaialdietatik datoz. Festibal honen helburua “giza eskubideen urraketen aurrean herritarren kontzientzia kritikoa piztea” da eta, pertsonek “gizartea eraldatzeko jardun dezaten” bultzatzea.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.