Merezitako garaipena Realarentzat Ipuruan
Garaipenak eskuratu dituzte asteburuan Realeko neskek, Ibaeta Basketek, Gipuzkoa Basketek eta Txuri Urdineko neskek. Bera Berak eta Realeko mutilek, aldiz, berdinketak.
Eibarren eta Realaren arteko partidako une bat.Reala Derbi gipuzkoarra jokatu zuten Realeko neskek igandean Ipuruan, eta garaipen batekin itzuli dira, Eibarri 0-2 irabazita. Merezitako garaipena izan zen, txuri-urdinak hasieratik izan baitziren nagusi. 9. minutuan aurreratu ziren Franssiren gol bati esker, eta Eibarrek tarteka estutu bazituen ere, Natalia Arroyoren neskak bai izan ziren markagailuari eutsi eta 68. minutuan bigarrena sartzeko; Franssik sartu zuen bigarrena ere. Bestalde, Realeko mutilek Girona ligako liderraren etxean jokatu zuten larunbatean, eta hutsean berdindu zuten. Txuri-urdinen egoera gorabeheratsua eta Gironaren egoera ona kontuan izanda, ez da batere emaitza txarra.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek argi irabazi zuen ostiralean Celtaren aurka: 77-57. Horrela, aurreko jardunaldian Jairisen aurka galdu ostean, garaipenaren bidea berreskuratu dute donostiarrek, eta ligako seigarren postuan jarraitzen dute. Bestalde, Gipuzkoa Basketek gutxigatik irabazi zion etxean Valladolidi, eta ligako hirugarren postuan dago orain.
Eskubaloian, berdinketa batekin itzuli zen Bera Bera larunbatean Galiziatik, Porriñoren aurka 22ra berdinduta. Horrela, ligako lidergo estutik apur bat atzean gelditu da: hirugarrena da 25 punturekin, eta gainean ditu Malaga eta Elx, 26 punturekin.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek geldiezin jarraitzen dute ligan, eta 10-1 irabazi zioten larunbatean Quimeras Valdemorori etxean. Horrela, lidergoan sendo jarraitzen dute, eta prest daude azken faseko kanporaketari aurre egiteko.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Girona 0 — Reala 0
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Eibar 0 — Reala 2
Saskibaloia
Emakumeen liga, 20. jardunaldia
- Ibaeta Basket 77 — Celta 57
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 19. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 84 — Valladolid 81
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Porriño 22 — Bera Bera 22
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Txuri Urdin 10 — Quimeras Valdemoro 1

