Nolakoa da aurtengo Momo Jainkosa?
Altzako Showtime konpartsako Mabel Vidal Sastre da aurtengo inauterietako Momo Jainkosa. Vidalek bizitza osoa darama kirolean eta dantzan; VideoShow izeneko talde batean hasi zen dantzan, eta handik gutxira Step izena hartu zuen. Dantza klaseak eman ditu, eta gimnasioetan ere lan egin du. Klase kolektiboetako monitoreen, pilatesen, muskulazioko monitoreen, fisio kulturismoaren, kiromasajearen eta kirol masajearen ikasketak egin zituen, beti izan du lotura kirolarekin, hori baita bere benetako grina.
Umetan hasi zen inauterietako konpartsetan parte hartzen. Hasieran, Bovedarekin irteten zen, eta 17 urterekin Thamesisen parte izan zen, antolakuntza taldeko kide zelarik. 2009an, Showtime konpartsa sortu zuen bere ahizpa Albarekin eta hainbat lagunekin batera. Dantzaria da Alba, eta Mabelek bere ahizparen akademian dantzatzen jarraitzen du gaur egun. Gainera Showtime konpartsaren koreografiak ere egiten ditu.
Gaur aurkeztu dituzte Donostiako inauteriak udaletxean, eta Vidalek azaldu du bere helburua “egun hauetan hiria animatzea” dela. Momo Jainkosa izatea “erantzukizun handia” dela uste du, baina “oso gogotsu” dago horretarako. Donostiarrei mezu bat ere zabaldu nahi izan die Momo Jainkosak: “Inauterietan jendea ondo pasatzera irtetea nahi dut. Konpartsetan ateratzen ez direnak kalean egotea ere oso garrantzitsua da, sekulako giroa jartzen dutelako. Batez ere, festa giro alaia egotea gustatuko litzaidake, inolako erasorik gabe”.
Ebanjelio berria
Showtime konpartsako Lydia Simon, Joseba Bergara eta Irati Nuñez arituko dira segizio lanetan. Vidalek aurreratu duenez, konpartsa horretako 70 lagun Ebanjelio berriaz mozorrotuko da aurten. “Ezin dut asko aurreratu, baina Ebanjelio berria erlijio berri bat da, guk asmatutakoa”, adierazi du.