Sortu Donostiako jabe handien bi etxebizitzatan sartu da, etxebizitza eredua salatzeko
Donostiako jabe handi batzuen bi etxebizitzatan daude Sortuko hainbat aktibista asteburutik, eta erreserba epea amaituta, bertan jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute.
Sortu Euskal Herriko “etxebizitza larrialdia” salatzeko eta ikusarazteko ekintza aktibista egiten dabil Donostian. Hala, zenbait aktibista jabe handi batzuen bi etxebizitzatan daude asteburutik eta gaur erreserba bukatzen zaien arren, haietan jarraituko dutela ziurtatu dute ekintzaileek. Sortuk argi utzi nahi izan du, hauen helburua ez dela etxebizitza horietan denbora luzez geratzea; “egoera salatzeko geratu gara”, azaldu dute ekintzaileek. Nabarmendu dute Donostian gutxi batzuen esku dagoela etxebizitzaren negozioa, herritarrak etxebizitza ordaintzeko zailtasunak dituzten bitartean: “Inork ez luke bere soldataren %30 baino gehiago gastatu behar etxebizitzan. Hego Euskal Herrian, herritarrek %40 baino gehiago gastatu behar dute. Gipuzkoan eta Donostian, soldataren erdia baino gehiago”.
Sortuk salatu duenez, “Hego Euskal Herrian, etxebizitza eskubidea da berez, baina espekulaziorako eta negoziorako erabiltzen dute funts putreek, jabe handiek, higiezinek eta banketxeek”. Gaineratu dute, agintari batzuen erabaki politikoa dela hori; izan ere, “legeek ahalbidetzen dituzten tresnak erabili beharrean, esku ez hartzeko jarrera aktiboa izan dute”. Gauzak horrela, epe luzeko alternatibak eztabaidatzeaz gain, premiazko neurriak hartzeko eskatu dute.
Funts putre eta jabe handien etxebizitzak
Bi etxebizitza hartu ditu Sortuk; Erdialdean bat eta Grosen bestea. Sortuk adierazi duenez, ekintzaileak dauden etxebizitzetako bat funts putre batek hartutako eraikinean dago. Azaldu dutenez, bertako zenbait bizilagun haien etxea uztera behartuak izan dira, eta besteak alokairu igoerak eta presioak jasan dituzte, pisu turistikoak ireki dituzten epe berdinean. Sortuk hartu duen beste etxebizitza berriz, luxuzko apartamendu turistikoak dauden eraikin batean dago, eta jabe handi batena da.

