Urrea eskuratu du Ander Cepas donostiarrak mahai tenis egokituko Brasilgo Openean
Igeriketa egokituan, Aberdeenen bikain aritu dira Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire donostiarrak; bi domina eskuratu ditu Llopisek eta errekor bat hautsi du Zudairek.
Egokitutako mahai teniseko Brasilgo Opena jokatu da asteburuan, eta Ander Cepas donostiarrak urrezko domina eskuratu du banakako proban, 2024ko Pariseko Joko Paralinpikoetako sailkapenerako puntuagarria den txapelketan. Geldiezin dabil denboraldi hasiera honetan, joan den astean Egiptoko Openean banaka zilarra eta taldekako lehiaketan brontzea lortu baitzituen.
Bestalde, kirol egokituekin jarraituta, igeriketan, Paraswimming World Serieseko denboraldia aste honetan hasi da, Eskoziako Aberdeeneko probarekin, eta ondo aritu dira Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari donostiarrak. Llopis bosgarren sailkatu zen 100 metroko estilo libreko A finalean (1:01.25), zilarrezko domina eskuratu zuen bizkar erako 100 metrokoan (1:07.30), brontzezko domina lortu zuen estilo libreko 400 metroko finalean (4:39.18) eta laugarren izan zen tximeleta estiloko 100 metroko finalean (1:07.64). Bestalde, Zudaire seigarren izan zen estiloetako 200 metroko B finalean (2:58.44), laugarren bular estiloko 100 metroko finalean, Espainiako errekorra gaindituz eta Jokoetarako minimoa lortuz berriro (1:35.68). Azkenik, 400 metro libreetan, zazpigarren postua lortu zuen finalean, (5:06.76).