Sevillarako bidea Mallorcatik pasatzen da
Mallorcaren eta Realaren arteko partida bat.Reala Realzaleak ilusionatuta daude koparekin aurten ere, eta bada txuri-urdinei finalerdietan Mallorca egokitu zitzaienetik ziurtzat ematen duenik Reala finalean egongo dela. Izan ere, talde balearrak maila baxuagoa du donostiarrak baino, eta ligako sailkapenean hala ikusten da —Reala seigarrena da eta Mallorca hamazazpigarrena—. Baina kopa beste gauza bat da, eta finalerdietan edozer gauza gertatu daiteke, biek helburu bera baitute: Sevillako La Cartuja estadioko finalean egotea apirilaren 6an.
Bi partida jokatu beharko dituzte aurretik, ordea: gaur (hilak 6) joanekoa Son Moixen (21:00) eta hilaren 27an itzulerakoa Anoetan (21:30). Horrela, Balearretatik emaitza on batekin itzultzea ezinbestekoa izango da Realarentzat, etxean kanporaketa behar bezala eta zailtasun gehiegirik gabe gainditu ahal izateko. Finalean, gainera, euskal derbi bat egon daiteke berriz ere, Atletico Madrilen eta Athleticen artekoa baita beste finalerdia. Txuri-urdinak faboritoak dira finalera heltzeko, baina hobe dute ez fidatu, realzale orok baitauka gogoan 2012ko kopan Realak Mallorcaren aurka 6-1 galdu zuenekoa.
Hamaikakoari dagokionez, Imanol Alguacilek Hamari Traore eta Take Kubo berreskuratu ditu, nahiz eta balitekeen biek atseden apur bat behar izatea, Afrikako eta Asiako Kopetatik baitatoz, hurrenez hurren. Horrela, hamaikako hau aurreikusi daiteke: Remiro atean; Traore edo Aramburu, Zubeldia, Le Normand eta Galan atzean; Merino, Zubimendi eta Brais erdian eta Kubo, Barrenetxea eta Oiartzabal aurrean. Oiartzabal min hartuta zebilen, beraz, baliteke Andre Silva edo Sadiq zelairatzea Alguacilek, kapitainaren ordez edo, Kubok atsedena behar badu, haren ordez.
Mallorcari dagokionez, Javier Agirre entrenatzailea zakur zaharra da, eta ez dizkio gauzak erraz jarriko talde donostiarrari. Defentsako estrategia da bere bertute nagusietako bat, eta bost atzelari zelairatuko dituela aurreikusi daiteke, txuri-urdinen jokoa geldiarazteko. Erdiko eta aurreko jokalariei dagokienez, Realak arreta berezia jarri beharko du Abdon Pratsengan, Larinengan eta Muriqirengan. Finala dago jokoan.

