Aransgi elkarteko langileen «erosahalmena bermatzeko» akordioa lortu du ELAk
Aransgiko elkarteko langileen protesta bat Donostian.ELA Aransgi Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien Elkartean akordioa lortu du ELAk, sindikatuak berak jakinarazi duenez. Akordio horren bidez, ELAren arabera, elkarte horretako 36 langileen “erosahalmena bermatuko da”. Donostian, Bergaran eta Tolosan ditu zentroak Aransgik —hiruretan %100eko ordezkaritza du ELAk—, eta Donostiakoa Intxaurrondon dago, Mons pasealekuan.
Akordioa “arrakasta hutsa” dela nabarmendu du ELAk, “sektoreko gainontzeko erakundeetan langileek erosahalmena bermatuko duten akordioak lortzeko dituzten zailtasunak gogoan izanda”. Akordioak 2023-2026 urte tarterako indarraldia izango du, eta KPIari lotutako soldata igoerak jasotzen ditu, KPIaren gainekoak hitzarmenaren azken bi urteetan. Bestalde, sindikatuak azaldu duenez, “kilometrajearen ordainketak hobetuko dituzte, antzinatasuna igoko diete langileei eta lizentziak eta baimenak eguneratzeaz gain, aldi baterako ezintasunetako osagarriak ere hobetu dira ospitalizazioa behar bada”.

