Lilatoian Palestinako emakumeei elkartasuna adieraziko die Medicus Mundik
Aurtengo Lilatoian —martxoak 3— Medicus Mundi elkarteak Palestinako herriari, eta, bereziki, emakumeei elkartasuna adieraziko die, “Genozidioari ez! Emakume palestinarrak zuekin gaude!” leloarekin. Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok elkartearen helbidera —voluntariado-gipuzkoa@medicusmundi.es— email bat bidali beharko du eta, ordaindu beharrik gabe, kamiseta jasoko du. Emailaren bitartez inskripzioa egiterako unean, taila zehaztea beharrezkoa izango da.
“Onartezina da palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketa eta nazioarteko komunitatearen geldotasuna”, azaldu dute elkarteko kideek. Giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen aurkako okupazioko, militarizazioko, blokeoko eta segregazioko hamarkadek ondorio latzak izan dituzte palestinarrengan, eta guzti horrek eragin zuzena izan du emakumeengan.
Urtero, Medicus Mundi elkarteak Lilatoi lasterketa feministan parte hartzen du, eta edizio honetan Palestinako herriarekiko eta, bereziki, emakumeekiko elkartasuna erakutsi nahi dute “onartezina” delako palestinarren aurka gertatzen ari den giza eskubideen “urraketa nabarmena”. Horregatik, emakume palestinarrei elkartasuna adierazteko “une egokia” dela uste dute ekimen honetako antolatzaileek.