Engel & Völkers etxe agentziak gune berria irekiko du Gipuzkoa plazan, luxuzko merkatua indartzeko
Etxe agentziatik azaldu dutenez, "eremuaren potentziala eta esklusibotasuna ikusita" hartu dute erabakia. Batik bat, "estatuko eta nazioarteko inbertitzaileentzat" potentzial handia duelako.
Engel & Völkers etxe agentziak Donostian Market Center gune bat irekiko duela iragarri berri du. Agentziatik zabaldutako oharrean azaldu dutenez, “Donostiako luxuzko merkatua iraultzea” dute helburu, eta horretarako irekiko dute 250 metro koadroko establezimendua Gipuzkoa Plazan. Puntu horretatik, lurralde osoko higiezinen mugimenduak kudeatzea aurreikusten dute, baina azaldu dutenez, batik bat, hiriburuan eta Hondarribian jarriko dituzte indarrak.
Etxe agentzia alemaniarra Gipuzkoan da dagoeneko, frankizia sarea izan baitu azken urteotan. Nolanahi ere, urrats bat harago joatea erabaki dute “eremuaren potentziala eta esklusibotasuna ikusita”. Laura Berridi izango da Engel & Völkers taldeko ordezkaria Gipuzkoan, eta berak azaldu duenez, Donostia puntu estrategiko gisa izan dute beti, izan ere “estatuko eta nazioarteko inbertitzailearentzat potentzial handiena duen merkatuetako bat da”. Hala, eta estatuko seigarren gune handia instalatuko dute, aurretik Bartzelonan, Madrilen, Valentzian eta Sevillan egin duten moduan.

