Igeldoko farozaina elkarrizketatu du Javi Pascual bidaiariak bere azken liburuan
La gran ruta de los faros de la costa vasca (Sua edizioak, 2023) liburua argitaratu du Javi Pascual Otalora bidaiari eta idazleak, euskal kostaldeko itsasargien nondik norakoen eta bizipenen ingurukoa, Getxotik (Bizkaia) Miarritzera (Lapurdi). Hiru farozain elkarrizketatu ditu liburua osatzeko, tartean Igeldoko itsasargikoa: Pablo Zimmerman. Berria egunkariak erreportaje bat argitaratu du Pascualekin hitz eginda, eta jaso duenez, Zimmerman izango da Euskal Herrian geldituko diren bi farozainetako bat.
Zehazki, Zimmerman, Matxitxakoko itsasargiko (Bizkaia) Cristina Garcia-Capelo farozaina eta Zumaiako Jose Luis Nuñez farozaina elkarrizketatu ditu Pascualek, baina Nuñezek erretiroa hartuko du aurten, eta, beraz, Zimmerman eta Garcia-Capelo izango dira Euskal Herriko azken farozainak. Izan ere, galbidean dagoen ofizioa da: “Desagertzera doa, eta ez da berririk sortuko, itsasargiak automatizatu egin direlako. Haiei eskaintzen diet, egin duten lan eskergarengatik”, azaldu dio autoreak Berria-ri.
Halaber, Pascualek nabarmendu du euskal kostaldeko itsasargiek ez dutela elkarrekin zerikusirik, baina denak saiatzen direla “behar berdinei erantzuten: nabigazioari laguntzen eta farozainari babesa ematen. Itsasargiak badirelako edo izan direla etxebizitzak familiarentzat, edo familientzat. Kasu batzuetan, baita lau familiarentzat ere. Ezberdinak dira denak, eta ederrak dira denak”.