Berdindu egin du Bera Berak, eta lidergoa hartzeko aukera bat galdu du
Bera Bera Elxen aurka jokatzen.Bera Bera Bera Berak lidergoa bereganatzeko aukera aparta zuen igandean Gaskan, Elx ligako lehenengo sailkatua baitzuen aurkari. Oso partida parekatua izan zen, eta biek erakutsi zuten zergatik dauden sailkapeneko lehenengo postuetan. Hain zuzen ere, atsedenaldira berdinduta iritsi ziren, eta neurketaren azken txanpara donostiarrak markagailuan aurretik iritsi baziren ere, Elxekoek berdinketa lortu zuten azken segundoetan. 27-27 amaitu zen neurketa, eta lider jarraitzen du Elxek, 27 punturekin. Hala ere, oso berdinduta jarraitzen du lidergoaren borrokak, Malaga eta Bera Bera baitira hurrengo bi sailkatuak, 26 punturekin biak.
Futbolean, egun txarra izan zuten Realeko mutilek larunbatean Anoetan, eta 0-1 galdu zuten Osasunaren aurka. Gorritxoek ez zuten arrisku handirik sortu erasoan, baina korner batean izan zuten aukera baliatu zuten garaipenaren gola egiteko. Atzean sartuta egon ziren horren aurretik eta ostean, eta txuri-urdinak ez ziren gai izan golik egiteko. Polemika ere egon zen, epaileak ez baitzuen adierazi Realaren aldeko penalti bat, gutxienez zalantzagarria zena. Horrela, ligako zazpigarren postura jaitsi dira donostiarrak, Europako postuetatik kanpo.
Neskei dagokienez, etxean irabazi ezinik gabe jarraitzen dute, etxeko hirugarren berdinketa jarraian eskuratu baitzuten igandean Granadaren aurka. Parekatua izan zen neurketa, eta golak ez ziren hogei minutuetara arte iritsi. Andaluziarrak aurreratu ziren 71. minutuan Suarezen gol batekin, eta Jensenek egin zuen berdinketaren gola 77.ean. Markagailua ez zen mugitu hortik aurrera, eta ligako zazpigarren postuan jarraitzen dute txuri-urdinek.
Azkenik, saskibaloian, Gipuzkoa Basketek porrot mingarria jaso zuen ostiralean Burgosen, Tizonaren aurka. Hain zuzen ere, 101-76 galdu zuten donostiarrek, eta Tizonak aurreratu egin ditu ligako sailkapenean: hirugarrenak dira orain Burgosekoak, eta laugarrenak donostiarrak.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Bera Bera 27 — Elx 27
Futbola
Gizonezkoen liga, 24. jardunaldia
- Reala 0 — Osasuna 1
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala 1 — Granada 1
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 20. jardunaldia
- Tizona 101 — Gipuzkoa Basket 76

