Dbusen araudia aldatuko dute markesinetan erre ezin izateko
Donostiako Udalak autobusaren erabilera araudia aldatuko du, Dbuseko markesinetan erretzea debekatzeko. Araudi aldaketa horren bidez, erretzaileek markesinan dauden pertsonekiko bi metroko distantzia mantendu beharko dute erre ahal izateko.
Udalak azaldu duenez, markesinetan pertsona zaurgarri ugari elkartzen dira (haurdun dauden emakumeak, adingabeak eta adineko pertsonak, besteak beste), eta horregatik erabaki dute debeku hau ezartzea. Gainera, udaleko Osasun Publikoko Sailaren txosten baten arabera, azterlan askok frogatu dute erretzaileek botatzen duten keak alkitrana, nikotina, zianuroa, formaldehidoa, artsenikoa, amoniakoa, metanoa, karbono monoxidoa eta minbizia eragiten duten beste produktu kimiko batzuk helarazten dizkiela haren inguruko pertsonei, hala nola zigarroa erretzen ari den pertsonari.
Hori dela eta, udal gobernuak Donostiako udalerriko Errepideko Bidaiarien Hiri Garraio Erregularreko Zerbitzu Publikoaren Erregelamenduaren 27. artikulua aldatzea proposatu du, autobus geltokietako markesinetan eta geralekuetan erretzea debekatuz, edozein erabiltzaileri dagokionez bi metroko erradioan.