«Errugbiaren hiria» bihurtuko da Donostia, martxoaren 31n
Donostiako eta Baionako alkateek, Eneko Goiak eta Jean-Rene Etxegaraik, Realeko presidenteak, Jokin Aperribaik, eta Aviron Bayonnaiseko presidenteak, Philippe Tayebek, agerraldia egin dute Donostiako udaletxean, Frantziako Top 14ko Aviron eta Toulon taldeen arteko lehia aurkezteko.
Anoeta estadioan izango da partida martxoaren 31n, Aste Santuko igandean, 21.05etatik aurrera. “Partida bat baino askoz gehiago”,izango dela dio leloak, eta hala irudikatu nahi izan dute lau ordezkariek. Baiona eta Donostia hirien arteko senidetze ekitaldi bat izatea espero dute, eta bi kluben artekoa, bata futbolekoa eta bestea errugbikoa, aurkezpenean izan direnek nabarmendu dutenez.
Goiak berak anfitrioi lanak egin ditu udaletxean egindako prentsaurrekoan, eta argi utzi du “egun batez, Donostia errugbiaren hiriburu” bihurtuko dela. Ildo horretan, Donostiako alkateak berretsi duenez, “Avironek errekorra du Anoetan, ikusle gehien batuz, eta errekor hori oraindik ez du gainditu Realak berak. Eta uste dut errekor hori berriro hautsi ahal izango dela martxoaren 31n “.
Aipatzekoa da Aviron Bayonnais eta Pau taldeen arteko iazko partidak 38.645 ikusle bildu zituela eta ordura arte Donostiako estadioan izandako ikusle kopururik handiena izan zela. Hilabete batzuk geroago, ordea, Top 14ko bi finalerdiek marka hori hautsi zuten, eta azken partidan, La Rochelle-Bordele, 39.314 ikusle bildu ziren.