Trans kolektiboari eskaini dio Goya saria Ane Gabarain donostiarrak
Ane Gabarain aktoreak (Donostia, 1963) irabazi du taldeko emakumezko aktore onenaren Goya Saria, 20.000 especies de abejas filmean Lourdesen rola jokatzeagatik. Aktore lanetan 40 urtetik gora aritu ostean, hau du bere lehen Goya. Sofia Otero 20.000 especies de abejas-eko protagonistak eman dio garaikurra Gabaraini. Oterok Berlinaleko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen.
Nabarmen hunkitu da Gabarain saria jasotzerakoan, eta berarekin batera izendatuak zeuden aktoreak izan ditu gogoan, “laurak ere emakume zoragarriak”. 20.000 especies de abejas-eko “erlauntza osoari” eman dizkio eskerrak eta batez ere Estibaliz Urresola “erle erreginari” hain pertsonaia “berezi eta maitagarria” oparitzeagatik. Familia ere hartu du gogoan.
Diskurtsoaren amaieran, Gabarainek trans kolektiboa izan du gogoan: “Borroka horretara gerturatzeak pertsona hobea bihurtu nau. Gora dibertsitatea!”, aldarrikatu du bukatzeko.