Pintaketak egin dituzte Xabi Alonsoren luxuzko etxean
Nekane Arzallus zinegotziaren arabera, Alonsoren txaletaren auzia "legeztatzeko modukoa" da, txosten teknikoen arabera.
Hainbat ezezagunek Xabi Alonsoren legez kanpoko luxuzko etxean pintaketak egin dituzte: “Etxebizitzaren negozioa borrokatu, gazte langileok lehen lerrora” leloarekin. Gedar langile kazetak zabaldu du bideoa, eta oraindik inork aldarrikatu ez duen arren, GKSren kanpaina berriaren leloa du pintaketak.
Gaiari lotuta, Donostiako Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek astelehen honetan adierazi duenez, Alonsoren txaletaren auzia “legeztatzeko modukoa” da, txosten teknikoen arabera. Era berean, esan duenez, 2021eko maiatzaz geroztik, eraikuntzako ordenantza osagarriek aukera ematen dute kasu honetan eraikinaren teilatua laua izateko.
Aukera hori salbuespena izango litzateke Igeldoko landa eremuan teilatu guztiak “bi, hiru edo lau isurkikoak” izatera behartzen duen arau orokorraren barruan. Hain zuzen ere, Donostiako administrazioarekiko auzietako 3. epaitegiak deuseztatu egin zuen udalak 2018an eraikina eraikitzeko emandako lizentzia, herritar talde baten salaketaren ostean.
📹 Etxebizitzaren negozioari aurre egiteko eta, borroka horretan, gazte langileak lehen lerroan jartzeko deia egin dute Igeldon.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) February 12, 2024
Donostiako epaitegiak berriki jo du legez kontrakotzat Xabi Alonsoren luxuzko etxea, eta bertatik egin dute etxebizitzaren negozioa borrokatzeko deia. pic.twitter.com/k0M2Guswgr