Euskara eskakizunen kontrako beste epai bat Donostian
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Epaitegiak euskararen kontrako epai berri bat eman du. Hiriko eskola batean atezain ari den langile batek helegitea jarri zuen Donostiako Udalaren aurka B2 hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar zuelako lanpostua egonkortzeko prozesuan, eta “partzialki” onartu egin du epaileak. Epaiaren arabera, atezaina salbuetsi du, eta ez du euskara eskakizuna bete beharko.
Sententziaren arabera, helegitea jarri zuen langilea 2001etik ari da lanean eskola bateko atezain. Udalak, lanpostua egonkortzeko prozesuan “esperientzia” aintzat hartzen duela argudiatu du langileak helegitean, baina lanposturako izangaiak “kanpoan utz” ditzakeen proba bat ere ezarri duela, euskara ariketa bat, eta, ondorioz, “debekatu” egiten diola lanpostua lortzea, bera lanean hasi zenean euskara “meritua” besterik ez zela gogora ekarriz.
Bestetik, langileak helegitean argudiatzen zuenez, 21 urtetan “inor ez da kexatu” euskararik ez zelako, betetzen dituen funtzio gehienetan “inolako hizkuntzarik” behar ez dela argudiatuz. Beraz, B2 maila eskatzea “gehiegizkoa” dela defendatu du.