Parte Zaharreko osasun zentroaren irekieraren «kirats elektorala» salatu du Izagirrek
Juan Karlos Izagirrek kritikatu egin ditu Parte Zaharreko osasun zentro berriaren hainbat ezaugarri. EH Bilduko bozeramailearen ustez, atzoko bisita “Osakidetzaren kudeaketa onaren” irudia emateko erabili nahi dute EAJk eta PSE-EEk, “hauteskundeen ataritan”. Izagirrerentzat “guztiz kontrakoa” da: “kudeaketa oso txarra” eta “kirats elektorala” duena.
Izagirrek sare sozialetan gazteleraz zabaldutako mezu batean salatu duenez, “zazpi urte” beranduago egin dute irekiera. “Esan beharra dago: 2014an egindako akordioak irekiera 2017rako aurreikusten zuen”, azaldu du, bera oraindik alkate zela. Izagirreren ustez “PNVk eta PSEk hartu dituzten erabakiek atzeratu dute irekiera, Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunen kaltetan”.
Alkate ohiak onartu du Esterlines kalekoa baino “hobea” dela honako osasun zentroa, “Goia alkateak esan moduan”. Edonola ere, Izagirrek dio 2014an aurreikusi zena baino “okerragoa” dela. Lehen solairua jarri du adibide: 900 metro koadro aurreikusten baziren ere, 280 besterik ez ditu eraikin berriak.
Etengabeko Arreta Gunearentzat lehen solairua “oinarrizkoa eta beharrezkoa da” Izagirrerentzat, eta bere ustez, oraingo egoera okerragoa da. “Gaur egun Bengoetxean dagoen EAG-k lau kontsulta ditu, 40 lagunentzako itxaron gela bat eta 150 metro koadro artatzeko. Osasun zentro berriak bi kontsulta izango ditu, bederatzi lagunentzako itxarongela eta azalera erdira murriztuko da”.
Izagirreren arabera, 2015-2019 legealdian hartutako erabaki batekin du zerikusi zuzena honek: “Esku pribatuetan utzi zen eraikinaren kudeaketa, interes pribatuen arabera berrantolatuz, osasun zentroari beheko solairuko metro koadroak kenduz”.
Edonola ere, Izagirrek berak onartzen duenez, azalera totala hasieran aurkeztutakoaren antzeko da, solairu bat gehiago gehitu delako, haurrentzako psikiatria gune bat gehituz, “oso ondo dagoena”.