Urumea ibaia zabaldu eta oztopo hidraulikoak ezabatuko dituzte, militarrak joaten direnean
“Etorkizuneko hiria” diseinatzen ari dira honezkero Urumearen ibarrean. Eneko Goia alkateak askotan nabarmendu duena ekarri du gogora Arantxa Tapiak gaur: “Ibaiei bizkar ematen zion hiria izatetik, ibaiari begira bizi den hiria” izatera igaroko da Donostia. Udalak eta URA agentziak hitzarmena sinatu dute gaur, Loiola “uholdeetatik babesteko”.
Ibaia “arazo iturburu” izateari uzteko egin beharreko moldaketa hidraulikoak aurkeztu dituzte gaur, “garapen urbanistikoa eta hidraulikoa eskutik” doazela nabarmenduz. 300.000 euroko aurrekontua onartu dute proiektua idazteko, “hemen ondoan ditugun maizterrak joaten direnean” —militarrei erreferentzia eginez—, abiatzeko moduan edukitzeko, Eneko Goia alkateak azaldu duenez.
Uholdeak ekiditeko
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eman ditu xehetasunak: uholdeak ekiditeko planaren barruan, Urumea ibaia zabaltzeko lanak egingo dituzte eta “azken oztopo hidraulikoa” den kuarteleko zubia eraitsiko dute. Militarrak joaten direnean sortuko den auzune berri horretarako, bi zubi berri eraikiko dituzte, bata Espartxoko zubiaren ondoan, eta bestea Euskotreneko geltokirantz joango dena.
Proiektuan zehaztu beharreko jarduketak zabalera handiagoa emango dio ibaiari tarte horretan; horretarako, ibai parke bat egingo da, berma bat eraikiz: hau da, ibaiertzean egungo kotaren azpitik dagoen espazio bat, “ibaiaren eta etorkizuneko hiri sarearen arteko trantsizioa errazteko”. Jarduketa horrekin batera, “ibaiaren ingurumen egokitzapena eta naturalizazioa egin beharko da bi ertzetan”.
Era berean, egungo kuarteletara sarrera-zubiaren (Urdintzu) ordez, ibaiaren ibilguaren zabalera berrira egokitutako beste zubi berri bat eraikiko da: ur askoko ibai itsasoko gertakarietan, emariak oztoporik aurki ez dezan, eta baldintza berak betetzen dituen bigarren zubi bat ere eraikiko da.
Jarduketa guztien helburua da ingurune osoko uholde-arriskuaren hedadura eta intentsitatea murriztea, eta, horrez gain, Urumeako ibai estuarioko tartean ingurumena hobetzea eta hirigune berri bat sortzeko baldintzak sortzea; ikuspuntu soziala eta ingurumen alorrekoa aintzat hartuz.
Goiak adierazi duenez “Loiolako eremu osoa eraldatzeko lehen urrats eraginkorra da, gaur egun kuartelek okupatzen baitute, eta, beraz, ziurta dezakegu hau dela etorkizuneko auzoaren lehen harria”. URAk hainbat esku hartze egin ditu Urumearen ibarrean, Donostiako zatian, “milioi askoko inbertsioekin, eta horiek nabarmen murriztu dute uholde arriskua. Hitzarmen honen bidez, etorkizunean hiri espazio berri bat hartuko duen eremuaren uholde arriskua murrizteko lanak bideratuko ditugu”.