Alice Gulick, Donostiako emakumeen hezkuntzan aitzindari
XIX. mendearen amaieran, Askatasunaren hiribidean, Colegio Norteamericano deitu zena abiatu zuen Alice Gulick misiolariak. Emakumeen hezkuntzan aitzindaria izan zen, bai Donostian, eta baita Espainian ere.
XIX. mendearen bigarren erdialdean, Hego Euskal Herrian biztanleriaren ia hiru laurdena analfabetoa zen, gehienak emakumeak. Hezkuntza mugatua zen langileentzat, eta bereziki, emakumeentzat. Klase ertainak eta goi burgesiak komentuetan hezten zituzten euren alabak, eta komentuetan irakasten zieten irakurtzen eta idazten, josten eta brodatzen. Frantses pixka bat, kristau dotrina eta otoitz asko, eta piano pixka bat ere bai —uste zelako emakumearen heziketa izaera eratzera eta manera onak garatzera bideratu behar zela—. Beste edozein heziketak arrisku larriak zekartzan.
Hala, 1895ean, antropologian eta etnologian aditua zen ikerlari batek Alemaniako medikuen Aerztliches Vereinsblatt aldizkari ofizialean idatzi zuen emakumeak medikuntzan jarduteko zuen funtsezko ezintasuna garun femeninoaren egituran oinarritzen zela; izan ere, emakumearen garun masa txikiagoa zela baieztatzen zen, ez zela hain simetrikoa, eta beraz, uste zen ez zuela nahikoa gaitasunik.
Egiturazko sexismoari aurre eginez, XIX. mendea amaitu aurretik Espainiako unibertsitateetan matrikulatu ziren emakumeen artean, beren ezintasun intelektuala azpimarratzen zutenei desafio eginez, hiru gazte nabarmendu behar dira: Esther Alonso, Juliana Campo eta Marina Rodriguez. Lehenengo biak Filosofia eta Letretan lizentziatu ziren, 1897an. Hirugarrenak, Farmaziako lizentziadun gradua lortu zuen, 1900. urtean. Hirurek zuten komunean Alice Gulickek Donostian sortutako Colegio Norteamericanoko ikasleak izan zirela.
Espainiara misio ebanjelikoan
Alice Gulick (Boston, AEB, 1847-Londres, Erresuma Batua, 1903) 1872an iritsi zen Espainiara, William Gulick senarrarekin batera, «misio ebanjeliko» bat aurrera eramateko asmoz. Espainian erlijio askatasuna onartu zenez, bertara joatea erabaki zuten. Lehenengo Santanderren kokatu ziren, eta geroago, 1881ean, Donostian. Santanderren, «apur bat isolatuta» zeudela sentitzen zuten, eta Donostian, Madrildik Parisera zihoan bidean kokatzen ziren. Bertan, oinarrizko eskola bat eta barnetegi bat sortu zituen Gulickek. Hasieran, eskola protestanteetarako irakasleak prestatzen zituen batez ere, ikastetxe publikoetan ezin baitzuten lanik egin, ezinbestekoa baitzen erlijio katolikoa irakastea.
Pixkanaka-pixkanaka, barnetegia ikastetxe ospetsu bihurtu zen. Hezkuntza irakaskuntza aktiboan oinarritzen zen, ohiko metodo memoristikoetatik oso urrun. Ikasten irakasten zitzaien, arazoak konpontzen, logikoki pentsatzen. Heziketa fisikoa, jolasak, txangoak, natura balioestea eta zuzenean ikastea bultzatzen ziren, modu praktikoan, laborategietan eta landan. Artea katedraletan eta museoetan ikasten zen, eta literatura, egileen lanak irakurriz. Testuliburuaren memorizazioa eta ondorengo azterketa ez ziren egiten. Hori guztia «benetako berrikuntza pedagogikoa» zen garai hartan, eta are gehiago, emakumeen kasuan.
Bere garaiko emakumea, Alice Gulickek bere garaikideekin partekatzen zuen hezkuntzaren sinesmena, gizartea eraberritzeko eta birsortzeko tresna gisa. Irakaskuntzako Erakunde Librearen sortzaileek, zeintzuekin adiskidetasun eta lankidetza harremanak izan baitzituen, uste zuten Espainiak bere «atzerapen sekularretik eta fanatismo erlijiosotik ateratzeko behar zuen eraldaketa hezkuntzaren bidez baino ez zela posible».
Haurrekin liskarrak
Alice Gordon Gulick. Her life and work in Spain, 1917an argitaratutako liburuan kronika bitxi bat jasotzen da, datarik gabea, egunkari «katoliko» eta «errepublikazale» banatan argitaratua. Artikuluaren izenburua Sumindura da, eta gertakari hau jasotzen zuen: «Atzo arratsaldean, ikastetxe horrekin [Colegio Norteamericano] zerikusia zuten neska batzuek, Hernani kaletik zihoazela, San Bartolome komentuko ikastetxetik irteten ari ziren neskato batzuekin topo egin zuten. Neska horiek, jendaila batekin batera, haien atzetik korrika joan ziren, eta harriekin eta eskura zuten guztiarekin kanporatu zituzten. Garrasi handiz jazarri ondoren, herrira erretiratzera behartu zituzten». Honela amaitzen zuen kronikak: «Zorionez, hain ekintza gaitzesgarriak ez dira ohikoak gure hiri kultuan».
Donostia, Miarritze, Madril
Behin baino gehiagotan jasan behar izan zituen Gulick sendiak mota honetako gatazkak, arrazoi erlijiosoak medio. Ez ziren bake garaiak, eta gerra karlisten ostean heldu baziren ere, Espainiaren eta AEBetako gerra zela eta, Donostiatik Miarritzera mugitu behar izan zuen bikoteak, eta, ondoren, bere lagun batzuen gomendioz, Madrilera mugitu ziren. Bertan eraiki zuten institutuaren eraikina, AEBetako komunitate ebanjelikoaren donazio garrantzitsuak jaso ostean. Ordea, Gulickek ez zuen ikusiko, Londresen zendu baitzen 1903an, dirua biltzeko egiten ari zen bidaietako batean.
Gulicken bizitza eta Donostian izandako oihartzuna ez da sobera handia. Jakina da hirarentzat musika jaialdiak antolatu zituela eta Isabel II.arentzat kontzertuak egiten zituztela. Garaian, izango zuen sona, baina denborarekin galdu egin da haren memoria. Udalak 2021ean Intxaurrondoko Zubiaurre kalean dagoen parkeari eman zion Alice Gulick izena, eta plaka bat jarri zuten haren omenez. Bada zerbait, gutxienez.