LGBTI kolektiboa, kirolaren eta gorputzaren arteko heldulekua
LGBTI kolektiboak, giza eskubideen aldeko borrokan, egunero eta txoko guztietan dihardu; izan ere, askatzailea den mugimendu politikoak, kirolari eta kirolariei, ausardiaz beteriko begirada eskaintzen die. Otsailaren 19a Kirol Esparruko LGBTIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta Donostian ibilitakoak diren lau kirolarien bizipenak borroka honen irudi gorpuztuak dira.
Urrutira iritsi ahal izateko begirada altxatzen duten gorputzak dira kirolarienak. Estrategikoak dira eta ondo baino hobeto dakite haien posizioa babesten; eta ondokoa defendatzen, baita ere.
Kirola sozializaziorako eta norgehiagokarako eremua da, arau eta helburu zehatzak dituenak. Posizio bat defendatzea eta jokoaren arauen barruan mugitzen ikastea da; eta hortaz, kirolak zorrotza eta zurruna izan behar du, jokoarekin eta jokalariekin. Baina ikuspegi kapitalista eta liberala da honako hau, eta helburuetara iristeko eta irabaziak lortzeko, ahalduntzea eta indarra sustatzen ditu kirol normatiboak.
Otsailaren 19a Kirol Esparruko LGBTIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. 1990eko egun honetan bertan, Justin Fashanu Ingalaterrako futbol jokalari profesionalak gay zela esan zuen eta jasandako jazarpenagatik bere buruaz beste egin zuen urte gutxira. Geroztik, LGBTI kolektiboa, horrelakorik berriz gerta ez dadin, espazio seguruak sortu nahian dabil. Halaber, kirol esparruko harremanak beste modu bizigarriago batean bizitzeko bidea eraikitzen ari dira kirolariak. Izan ere, kirola ulertzeko eta esparru honetan harremantzeko modu asko daude: kirol gehienak parte hartzaileak dira, eta askotan, lagunekin eta gertukoenekin denbora partekatzeko, kontaktuaz gozatzeko eta eguneko tentsioak astintzeko balio izaten dute.
Egoera aldatzeko, hainbat gorputz, errealitate eta proposamen daude mahai gainean. Gizartea aldatzen doan heinean, behar berriak sortzen doaz, eta hainbat kolektibok eskaera zehatzak dituzte. Donostian edo Donostiako taldeetan ibilitakoak diren lau kirolarien bizipenak proposamen berri hauen erakusgarri dira. Bakoitza bere esperientziatik mintzatzen da, eta desberdintasunak dauden arren, elkarte eta instituzioak berandu doazenaren ideiarekin bat egiten dute, kirolaren bitartez, seguruak, disidenteak eta bizigarriak diren espazioak eraikitzen direlako, eta eragileek halakorik babesten ez badute, diskriminazioen eta oztopoen zuzeneko konplize dira.
Seguruak diren espazioak
LGBTI pertsonek seguruak diren espazioak sortu dituzte. Emakumeek haien artean harremantzeko eredua eta modua taldeko kirolera transmititu dituzte, eta LGBTI errealitateak plazaratu egin dira, egunerokoan egi bihurtuz identitatea eremu pribatutik publikora eramanez.
Talde kirola espazio seguru bihurtu dute bisexualek eta lesbianek eta, haien inguruko estereotipoak gero eta gehiago aldatzen eta zabaltzen doaz. Taldean «aniztasuna eta errespetua» nabarmentzen direla azaleratu du Andrea Astudillok, Donostia Arraun Lagunak taldeko patroiak. Bertan, desio eta orientazio guztiak «pareko» daudela dio, eta kolektiboko presentziak «denekiko errespetua» bermatzen duela defendatu du: «Lesbianok ez dugu inor mintzen bere orientazio edo identitateagatik, eta arraunean, bakoitzak nahi duen moduan bizi dezake bere gorputza eta desioa». Bere bizipenean eta errealitatean, kirolak nahi duen modura bizitzeko aukera eman dio, eta, aldi berean, «patroia eta bollera» izan dela dio, «elkarrekin iritsi» baitziren biak.
Ildo beretik eta bizipen antzeko batekin, Esther Arrojeriak, Bera Bera eskubaloi taldeko bigarren kapitaina denak eta bere burua kolektiboaren barruan kokatzen duenak, kirol profesionalean «ateak ireki» zitzaizkiola kontatu du. Halaber, kolektiboa «horren gertu izateak begirada zabaltzera eta armairuko ateak irekitzera lagundu» egiten duela baieztatu du. Arrojeriak dio, kirol profesionalak «askatasunez bizitzeko aukera» eman ziola, eta ordura arte «halako askatasunik ez zuela bizi izan» aitortu du. Halaber, eskubaloi jokalariak dio, LGBTI pertsonek dituzten harremanak eta kodeak «ohikoak» direla eta kirol esparrua «askatasun maximokoa» dela.
Sigla guztiak ez dira berdinak
LGBTI kolektiboaren barruan hainbat eta hainbat errealitate daude eta sigla bakoitzak bere aukera eta oztopoak ditu. Armairuko ateak giltzarekin itxita dituzte batzuek, gizarteak poltsikoan ondo ezkutatuta dituelako. Izan ere, ezinezkoa da banaka estruktura dinamitatzaile, bitar eta normatiboari aurre egitea.
Sistema heterosexualak gorputz sendoak, eta ideia eta helburu arrakastatsuak planteatzen ditu. Maskulinitatearekin lotzen diren balioak dira, eta horiek ez dira «emakumeei emakume izateko ezartzen zaizkien balioak», Amets Castrejanak azaldu duenez, errugbian profesionalki ibilitakoa den emakume bollerak. Bere ibilbidean, hainbat diziplinetara lotuta egon da, eta errendimendu handiko kirolaria izan da. Entrenatzailea izan da hainbat urtez eta gaur egun, kirol kudeatzailea da, Bera Berako errugbi atalean. Castrejana berdintasuneko kirol aholkularia eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea da.
Castrejanak azaldu duen moduan, emakumeek gizonei inposatutako balio horietara hurbiltzeak ez dakarkio arriskurik maskulinitateari, baina badirudi gizontzat hartzen diren gorputzek ezin dutela desberdin desiratu edo harremandu. «Marika kriminalizatzen da, antza, gizonen gorputzei lotutako balio maskulinoak arriskuan jartzen dituelako», eta «laztan eta kontaktu fisiko handia egon arren, hori guztia taldearen eremu pribatu sozialaren barruan» geratzen dela kritikatu du ikerlariak. Ondorioz, taldeko kiroletan oso gutxi dira bisexual eta gay direla esaten dutenak eta hori, gertatzen da ez delako «espazio segurua», eta ondorioz, une oro egon behar dute «normatibitatearen barruan daudenak hor jarraitzen dutela errepikatzen».
Bestalde, pertsonak transek bestelako oztopoak dituzte. German Urteaga psikologo transa da eta, nerabe zenean, futbol federatuan aritu izan zen. Gaur egun, fitness munduan ibiltzen da eta entrenatzaile pertsonala da —trans pertsonetara bideratuta, nahiz eta zis pertsonak ere «ongietorriak» diren—. Bere bizipen pertsonaletik heldu zion lanketa honi. Pertsona transen «bidelagun» izatea da bere helburua, eta kirolaren bitartez trans bakoitzak «bere prozesua nahi duen bezala» egin ahal izatea du helburu nagusi. Bere hitzetan, «nerabezaroa heldu arte talde kiroletan ibiltzen dira pertsonak transak, baino gero bakarkako kiroletara pasatzen dira». Trans asko gimnasioetan sartu ere ez direla egiten dio, eta salatu du joaten dena, normalean, arropa aldatzera etxera joaten dela. Zis munduan horrelakorik ez dela gertatzen ziurtatu du, eta trans ez bitar pertsonen kasuan egoerak oztopo gehiago ditu: «Bitarra den munduan aldagelak bitan banatzen dira, baina bitar ez den pertsona batek ez du ezta aterik ere».
Iraingarriak diren jarrerak
«Kirolak trans pertsonak botatzen ditu». Horrela adierazi du Naizen elkarteko bozeramaile eta arreta arduradun Beatriz Severrek. Elkarteko sexologoa ere bada, eta bere ustez, milaka kirolari kanporatuak izaten dira kirola mehatxuzko eremu izateagatik. Indarkeria eta iraingarriak diren jarrerak jasan behar izaten dituzte trans pertsonek.
Amets Castrejanak, hau gertatzen dela azaldu du «kolektiboko jendeak ez dituelako bere baloreak, ez beharrak, errepresentatuak ikusten, eta ez direlako identifikatuak sentitzen». Ez trans, ez bisexual, ez gay, ez lesbiana, ez intersexual, ez asexual eta ez normatibotik ateratzen den edonork, ezin du bere identitatea zaindua eta errespetatua sentitu ezkutuan ibili behar badu.
Gainera, Naizen elkarteko bozeramaileak argitu du trans pertsona batek urtebetez egon behar duela hormonak hartzen kategoria batetik bestera pasatu ahal izateko; eta hortaz, pertsonak hormonatzera «derrigortu» egiten dituztela salatu du.
Transek urtebetez egon behar dute hormonak hartzen beste kategoriara pasatzeko, hortaz, hormonak hartzera derrigortu egiten dituzte
Beatriz Sever, Naizeneko bozeramailea
Estereotipoak apurtzen
Arrojeriak denborak eta LGBTI mugimenduaren borrokak ekarri dituen aldaketa onuragarriak goraipatu ditu. Eskubaloian hasi zenean, lesbiana bakarra zegoela kontatu du —gutxienez, publikoki adierazi zuena—. Gaur egun, kolektiboaren presentzia nabarmenki handitu egin dela dio. Izan ere, estereotipoak, —butch, maskulinitatea errepresentatzen duten lesbianak eta fem, feminitatea errepresentatzen duten lesbianak— eta poloak haien artean gerturatu egin dira azken hamarkadan, eta lesbiana eta bisexuala izateko modu eta forma anitz daude: harremantzeko dituzten kodeetan eta itxuran edo estetikan, esaterako.
Astudillok kanpotik egiten diren komentario estereotipatuak salatu ditu: «Futbolean gertatzen den moduan, guri ere esan izan digute arrauna egiten dugun guztiak bollerak garela», eta horrek, ondorioz, gorputzak «klasifikatu» egiten ditu eta kanpokoek «etiketatu» egiten dute. Etiketak bakoitzak jartzen dizkio bere buruari, eta «inork ez luke esan beharko beste horrek zein desio dituen».
Euken Alberdi izotz patinatzailea da. Ospe handiko patinatzaile honek, txikia zela, Txuri Urdinen hasi zuen bere ibilbidea. Alberdik ez du bere burua kolektiboaren barruan kokatzen, baina LGBTI kolektiboa oso gertu izan du betidanik. Izotz gaineko patinajea «emakumeentzako kirola» izan da betidanik, eta etiketa horrek eragina izan du bere ibilbidean; izan ere, Astudillok arraunean duen bizipena errepikatzen da, baina alderantzizkoan. Izotz patinatzailea izateagatik «homosexualaren etiketan» sartu izan du gizarteak eta horrek ere, «zoritxarrez», jendeak kirol hau praktikatu nahi ez izatea dakar. Azkenean, «aurreiritzi hauek mugak jartzen dizkio edozeini, kolektibo barrukoa izan ala ez; inork ez duelako une oro bere sexualitatea krikatua edo kuestionatua izatea nahi».
Alberdi zeharkako komentarioez ere mintzatu da; izan ere, «gaur egun, normalean, jada jendea ez da ausartzen aurpegira ezer esaten, baina jarrera edo keinuetan zer pentsatzen duten adierazten dute».
Ezjakintasunari aurre egin
Ezjakintasunak ematen dio beldurrari bidea, eta beldurraren ondorioz, askok eta askok, kolektiboko jendearen eta kirolarien eskubideak urratzen dituzte.
Umeek, eskola kiroletan, normaltasun osoz bizi dituzte kideen trantsizioak; izan ere, umeen begiradan ez da perbertsioa existitzen. Helduek dute gizartearen botere eta normatibitatearen indarkeria zainetan sartuta, heteroaraua gorpuztuta dutela. Alberdik adierazi duen moduan, berak zortzi urte inguru zituen arlo artistikoan patinatzean hasi zenean, eta erabakia «lasaitasunez» hartu zuela dio, «haurrek begirada gardena» dutelako.
Eskola batzuek lanketa egiten dute, eta haien entrenatzaileentzat bisibilizazio eta formakuntza saioak prestatzen dituzte, baina batzuetan, «beste umeen gurasoak izaten dira formakuntzarik eta sentsibilizaziorik jaso ez dutenak», eta hortaz, haien haurrei beldurra «transmititu» egiten dietela dio Severrek. Horregatik inportantea da gizarte osoko, espazio guztietako, txoko guztietara, queer —genero arauei desafioa egiten dion teoria eta heldulekua— begirada zabaltzea. Taldeen benetako beharretara egokitu behar gara; ezin direlako haien beharrak, nahiak eta arazoak kanpotik asmatu.
Aukera berriei bide eman
Mundua ikusteko, ulertzeko eta bizitzeko aldaketa posible bihurtzea idilikoa da, antza. Elkarbizitza bikoteka egiteko asmatu da eta bitan zatitzeko, baita ere. Arlo sozialari, ekonomikoari eta politikoari mundua bitarra izaten jarraitzea interesatzen zaio. Hortaz, asko da aldatu beharrekoa gizarte inklusiboa sortzeko, eta luzeak dira aniztasunaz gozatzera iristeko beharrezkoa den ibilbide eta denbora. Baina, aldaketak gutxinaka egiten dira, eta proposamen batzuk mahai gainean daude.
Amets Castrejana EHUko ikerlaria eta errugbilaria izateaz gain, Emakume* Surflari taldeko kidea da. Talde hau deserosotasunetik sortu zen. Hasieran, Gipuzkoako Surf Federazioari lotuta zegoen, baina, denborarekin, entitate propioa hartu zuen eta hainbat kolektibotako pertsonek osatutako egitura batekin eratu da. Hala ere, taldearen aniztasuna zabaltzeko beharra ikusi izan dute, pertsona arrazializatuen edo kirol egokituetan ibiltzen diren pertsonen presentzia nahikoa ez zegoelako. Horregatik, elkarte honek iniziatiba hartu zuen eta beste kolektiboetara gerturatu zen, «zein kirol jarduera nahi zuten eta behar zuten galdetzera»; izan ere, gizartea taldeen «benetako beharretara egokitu» behar da; «ezin ditugulako guk haien beharrak, nahiak eta arazoak asmatu», jarraitu du Castrejanak.
Taldeen benetako beharretara egokitu behar gara; ezin ditugulako guk haien beharrak, nahiak eta arazoak asmatu
Amets Castrejana, EHUko ikerlaria eta errugbian aritua
Kategoriak eta txapelketen helburuak aldatu daitezke, eta bereizketak beste modu batera egin. German Urteagak futboleko oroitzapen «politak» ditu; izan ere, taldea mistoa zen eta «gorputz mota guztiak» sartzen ziren hor.
Alberdik defendatzen duen moduan, LGBTI kolektiboak onura asko ekartzen dizkio kirolari, bere kasuan, patinajeari. Aurreiritziak puskatzen doaz, poloak elkartzen doaz; baina, batez ere, «dibertsitate handiagoa ekarri du haien borrokak, makillaje, jantzi edo abestietan aniztasun gehiago» dagoelako.
Donostia Arraun Lagunakeko patroiak azaldu du, Donostian ez duela LGBTI iniziatibarik inoiz ezagutu, eta Bera Berako kapitainak «denbora konpartitu gabe harremanetan sakontzea oso zaila» dela gehitu du.
Donostian, ez da LGBTI txapelketarik egin eta udalak ez du informaziorik zabaldu edo ekimenik prestatu. «Badira LGBTI taldeek antolatzen dituzten ekitaldiak, baina, maila federatuan horrelakorik aurkitzea askoz ere zailagoa» dela onartu du Castrejanak.
Eta ardura, Urteagak dioen moduan, goian daudenena da, baita ere: «Instituzioek, federazioek, elkarteek eta entrenatzaileek formakuntza izan behar dute; bestela, ez dira prest egongo beharrezkoa denean egoera kudeatzeko eta LGBTI kolektiboko jendearen eskubideak bermatzeko».
Instituzio, elkarte, klub eta federazioek konpromisoa hartu beharko lukete, eta estruktura guztiak sentsibilizazioz hornitu. Izan ere, informazioa eskura izatea prest egoteko modu hoberena da. Naizenen gisako elkarteek gidak prestatu dituzte, baina «inork ez du hori lantzeko ekimenik egin».
Denbora pertzepzio kontu bat da
Etorkizuna biharko kontua da, baina erraz gaurkotu dezakegu. Izan ere, etorkizuna gertu edo urrun ikusteak gaur egungo egoeraren inguruko pista ematen digu.
Eginbeharrak biharko utzi beharrean, kirolean gertatzen diren LGBTIfobikoak diren kasuak aurreikustea ezinbestekoa da. Gauzak horrela, kolektiboaren fobiaren existentziaz aitorpen esplizitua egin behar dute hiriko elkarte guztiek. Halaber, instituzioek sentsibilizaziorako eta kontzientziarako egitasmoak eta formakuntzak antolatu behar dituzte, eta sail desberdinetatik indarrez heldu behar diete; eskoletan, adibidez, txikitatik gaia jorratuz. Kirolak eta kategoriak aldatu beharko lirateke, adibidez, generoan oinarritzen ez diren kategoria berriak sortuz.
Elkarren arteko harremanak
Posible da. Posible da eta etorkizunera bidea irekitzen ari dira, indarrez eta kemenez. Ausardiaz eta zintzotasunez. Maskulinitate hegemonikoarekin, estereotipoekin eta aurreiritziekin hausteko borrokak aurrera jarraitzen du, eta honek lasaitasuna, bakea eta permisibitatea ekarri die askori; izan ere, indarkeriarekin kalte egiten zaie gorputz guztiei. Askatasun ezak ere min egiten baitio arauaren eskemarekin eta formarekin bat egiten duenari, nahiz eta jabetzea beste kontu bat den.
LGBTI mugimendua askatzailea den horretan, kirolari eta kirolariei koloretsu, indartsu eta ausardiaz betetako begirada eskaintzen die, eta honek, bueltan, esker ona, segurtasuna, etxea eta familia giroa dakarzkie.