Erraztasunez gainditu dute lehenengoa
Garaipenak eskuratu dituzte asteburuan Txuri Urdineko neskek zein mutilek, Realeko mutilek, Bera Berak eta Gipuzkoa Basketek. Bestalde, Realeko neskek berdindu egin dute eta Ibaeta Basketek galdu.
Huarteren eta Txuri Urdinen arteko finalerdiko lehenengo partidako une bat.Izotz Gaineko Kirolen Espainiako Federazioa Ligako finalerdietako lehenengo neurketa jokatu dute asteburuan Txuri Urdineko neskek, eta ondo hasi dute kanporaketa, nagusitasun handiz irabazi baitzuten larunbatean Huarteren etxean: 0-8. Horrela, ligako fase erregularrean lider bukatu eta finalerdietako lehenengo partida hau irabazi ostean, oin bat finalean dute jada donostiarrek; asteburu honetan jokatuko dute itzulerakoa eta, beharrezkoa balitz, baita hirugarren neurketa ere.
Bestalde, mutilek 1-4 irabazi zuten larunbatean Bartzelonaren etxean, eta ligako finalerdietarako sailkatu dira, laugarren postua eskuratuta. Majadahona edo Jaca izango dute aurkari, eta martxoko lehenengo asteburuan jokatuko dute lehenengo partida.
Futbolean, Realeko mutilek azken minutuan lortu zuten garaipena igandean Mallorcaren etxean, bigarren zati osoa etxekoak jokalari batekin gutxiagorekin aritu baziren ere. Lehenengo minutuetan aurreratu ziren balearrak Antonio Sanchez Navarroren gol batekin, eta Takek berdindu zuen neurketa atsedenaldiaren aurretik. Aldageletara joatear zirenean, Rallok bi txartel hori jarraian ikusi zituen, eta kalera joan zen. Horrela ere, txuri-urdinek bigarren zati kaskarra egin zuten, eta luzapenean sartu zuen Merinok garaipenaren gola, buruz, Pachecoren erdiraketa bat errematatuta. Ligako seigarren postua berreskuratu dute horrela donostiarrek, eta Europako postuetan daude. Bestalde, hurrengo astean Mallorcaren aurka ariko dira berriz, kopako finalerdietako itzulerako neurketan, Anoetan, eta finalerako txartela izango dute jokoan.
Realeko neskek ezin izan zituzten hiru puntuak ekarri Vila-realetik larunbatean, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren. Markagailuan aurreratu ziren txuri-urdinak 34. minutuan, Emmari gol bati esker, eta partida alde jartzen ari zitzaiela zirudien. Ordea, ezin izan zuten aldea handitu, eta etxekoek, Luciaren eskutik, neurketa berdindu zuten 69. minutuan, eta hala bukatu zen norgehiagoka. Ligako zazpigarrenak dira orain donostiarrak, eta atsedenaldia dute orain, martxoaren 6ra arte ez baitute partidarik jokatuko; Atletico Madrilen aurka jokatuko dute orduan, kopako finalerdietan.
Saskibaloian, partida zaila zuen Ibaeta Basketek etxean larunbatean, Valentzia liderra jaso baitzuen. Hain zuzen ere, donostiarrek aurpegia eman zuten eta gogor lehiatu ziren, baina ez ziren gai izan valentziarrak mendean hartzeko, eta zazpi punturengatik galdu zuten —seigarrenak dira orain donostiarrak ligan—. Bestalde, Gipuzkoa Basketek nagusitasunez irabazi zion Clavijori igandean etxean, eta goiko postuetatik jaitsi gabe jarraitzen dute, lehenengo mailara igotzeko borrokatu nahi direla erakutsiz, jardunaldiz jardunaldi.
Azkenik, eskubaloian, Beti Onak taldearen etxean irabazi zuen Bera Berak larunbatean (20-29), eta lidergoa eskuratzeko borroka hertsian jarraitzen du. Ez da donostiarren denboraldirik bikainena izaten ari, baina ligako hirugarrenak dira, Malaga bigarrenarekin berdinduta eta Elx liderretik puntu batera.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako finalerdietako lehenengo partida
- Huarte 0 — Txuri Urdin 8
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
- Bartzelona 1 — Txuri Urdin 4
Futbola
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Mallorca 1 — Reala 2
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Vila-real 1 — Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Ibaeta Basket 63 — Valentzia 70
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 21. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 84 — Clavijo 66
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Beti Onak 20 — Bera Bera 29

